Donostiako Zinemaldia, prest

zinemaldia

Covid-19k baldintzatuta bada ere, Donostiako Zinemaldia egin egingo da. Irailaren 18tik 26ra,  68. edizioa izango du aurten, eta euskal zinemari eskainitako Zinemira ataletik kanpo ere euskarazko eta euskal lanak ikusteko aukera emango du. Esaterako, Zuzendari Berriak atalean, euskarazko bi film luze ikusi ahal izango dira: David Perez zuzendariaren Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak, Miren Gorrotxategi idazlearen 33 ezkil eleberrian oinarritua. Zabaltegi-Tabakalera sailean, berriz Marina Palacio donostiarraren Ya no duermo eta Laida Lertxundi bilbotarraren Autoficción film laburrak eskainiko dituzte. Bestalde, Euskal Herrian kokatutako film bat Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian ariko da, Sail Ofizialean: Akelarre, Pablo Aguerorena. Euskal Herrian filmatua, euskara eta gaztelania tartekatzen ditu sorginkeriaren kontrako epaiketak oinarri dituen drama historikoak.


fadoakXAKE PRODUKZIOAK Fadoak entzuten zituen gizona antzezlana jokatuko du irailaren 18an, estreinakoz, Tolosako Leidor antzokian. Txarli Andradek idatzitako lanak maskulinitateari buruzko gogoetak eramango ditu oholtzara, ezustean elkar ezagutuko duten Mario kamioi gidariaren eta Ander fado kantariaren arteko harremanaren bitartez. Haien artean, Masku pertsonaia ere nahasiko da. Kepa Errasti, Iñigo Aranbarri eta Ane Gabarain aktoreek gorpuztuko dituzte protagonistak Getari Etxegaraik zuzendutako lanean. Iraileko estreinaldiaren ostean, hainbat lekutan eskainiko dute antzezlana: urriaren 2an, Zarautzen; 8an, Santurtzin; 9an, Bermeon; 10ean, Bergaran; 16an eta 17an, Aretxabaletan; 18an, Arrasaten... Orain arte loturiko emanaldi guztiak taldearen webgunean (xakeprodukzioak.eus) kontsulta daitezke.

 

 

 

 

 

 

 

LABURREAN

ANTZERKI ekoizpena sustatzeko laguntza sortu du Euskaltzaindiak, Bilboko Udalaren babesarekin. Zehazki, areto txikietan antzezteko moduko pieza laburren sorkuntza. 1.000 euroko laguntza emateaz gain, lana jendaurrean aurkezteko aukera ere emango zaio irabazleari; Lautan Hiru jaialdiaren III. edizioan, hain zuzen ere. Lanak azaroaren 15era arte bidali ahal izango dira. Deialdiaren xehetasun guztiak Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus) bildu dituzte, Plazaberri informazio buletinean.

IRAILAREN 13an amaituko da Lekeitioko 43. Euskal Zine Bileran parte hartzeko lanak aurkezteko epea. Azaroaren 21etik 29ra bitartean egingo da aurtengo Zine Bilera, eta azken bi urteetan egindako aldaketei eutsiko die, egungo atalak indartuta eta bide berriak zabalduta. Nolanahi ere, nola ez, pandemiaren eragina nozituko du. Izan ere, online izaera hartuko du aurten, jende pilaketen arriskuak saihesteko. Zine Bileran parte hartzeko oinarriak zinebilera.eus atarian daude eskuragarri.

KULTURAREN EZTENA txerto gisa aldarrikatuko du aurten Errenteriako Eztena jaialdiak. Irailaren 6tik 12ra, emanaldiak eta antzerki laborategiak eskainiko ditu jaialdiak, hainbat sortzaileren parte hartzearekin: Tripak kolektiboa, Sra Polaroiska, Idoia Hernandez Hatxe, Erika Olaizola & Kamikaz kolektiboa, Maite Aizpurua, Xanti Agirrezabala...