The Hunt

hunt

Zuzendaria: Craig Zobel. Aktoreak: Betty Gilpin, Hilary Swank, Ike Barinholtz, Wayne Duvall, Ethan Suplee, Amy Madigan, Emma Roberts, Justin Hartley, Glenn Howerton. AEB, 2020.

Istorioa: Elkar ezagutzen ez duten hamaika lagun baso baten erdian esnatuko dira, lotuta, han nolatan dauden ez dakitela. Laster jakingo dute: gizakiak ehizatzen dituzten aberats batzuen harrapakinak dira.
Testuingurua: Ehiztariak aberats progresistak izaki, eta ehizakiak arrazista, homofobo... saldoa, polemika bidaide izan du filmak. Iazko irailean zuten aurkeztekoa AEBetan, baina herrialdean izandako zenbait tiroketa tarteko, atzeratu egin zuten. Gainera, ultraeskuindarren kritikak ere jaso zituen, tartean Donald Trumpenak. Halako zalapartarekin, ekoizleek ez dute askorik gastatu behar izan publizitatean.
Onena: Akziozko film eta thriller gisa, ikuslea asetzen du. Itzulingururik gabe, bizi-bizi sartzen gaitu giza ehizan, basati, eta umore gaizto eta beltzaren laguntzarekin. Alde horretatik, aspertzeko betarik ez da.
Txarrena: Satira politikotzat jo da filma, AEBetako bi alderdi politiko nagusien jokabidearen eta fanatismoaren kritikatzat, zehazki. Izatekotan, brotxakada lodi eta sinpleekin jotako kolpeak ditu, ez ezten zorrotzeko kritika landuak, nahiz eta barre pixka bat egiteko balio duen.
EƱaut Mitxelena