Kontzertua, Eganen 50. urteurrena ospatzeko

egan

Egindako ibilbide luze eta oparoa orain dela 4 urte amaitu arren, uda honetan berriz igo da agertokietara Xabier Saldias, Egan talde mitikoaren burua. Taldea berrantolatu, eta beste musikari batzuekin bueltatu da Saldias, nahiz eta, oraingoz, kontzertu bakar bat eskaintzeko izan: Aiako probalekuan uztailaren 29an. Dataren aukeraketa ez da hutsala, izan ere, taldearen estreinaldiaren 50. urteurrena da Eganen itzulerarako arrazoi nagusia. 1970eko San Inazio egunean egin zuten kontzertu hura, Azpeitiko Gautxori dantzatokian. Ordutik, plazarik plaza ibili izan dira Saldias eta bere kideak Euskal Herriko bazter guztietako jendea dantzarazten. Bereziki ezagunak dira atzerriko artisten kanten bertsioak (Lo ez Mexikon, Loiolan jai jai, Ireki bihotza, etab.), baina taldeak ere baditu berak sorturiko abesti arras arrakastatsuak (3. Korrikarako egin zutena, esaterako). Kontzertua ETB1eko Oholtzan saiorako grabatu zuten. Taldekideek emanaldi gehiago egiteko intentzioa ere adierazi dute, baina oraindik ezin dute ezer konfirmatu, pandemiaren bilakaeraren mende daudelako.


coyoteNIÑA COYOTE eta CHICO TORNADO taldeak datozen hilabeteetan eskainiko dituen kontzertuen datak berretsi ditu. Emanaldi batzuk bertan behera geratuagatik ere, Verlas Venir Tour 2020 birak aurrera jarraitzen du. Euskal Herrian kontzertu bakarra eskaini behar zuten, urriaren 31n, Orozko Rock jaialdian, baina jaialdia bertan behera utzi dute. Horrez gain, eta pandemiak traba gehiagorik jartzen ez badu, Gironan, Las Palmasen, Málagan eta Lugon joko du Donostiako bikoteak. Bien bitartean, Cream taldearen White Room kantaren bertsioa aurkeztu berri du, Kaki Arkarazorekin Andoaingo Garate estudioan grabatua.

 

 

 

 

 

hatsaHUTSAREN HATSA
Aguxtin Alkhat
Hutsaren hatsa, 2020

Bost urte luze pasatu dira kantautoreak bere azken lana kaleratu zuenetik, baina hemen dugu, azkenik, haren disko berria: Hutsaren hatsa. Zortzi kantu berri dakartza, eta horietan guztietan armendariztarra eroso mugitzen da pop, rock eta folk soinuen artean. Berako Atala estudioan grabatu du Alkhatek bilduma Julien Labat (gitarra), Xan Bidegain (baxua) eta Pierre Sanglaren (bateria) laguntzarekin. Kamila Zubeldiak eta Kiki Gracietek ahotsetan eta aho soinuarekin kolaboratu dute, hurrenez hurren. Diskoa Alkhatek berak sortu berri duen Hutsaren hatsa zigiluak argitaratu du.

dantzatuDANTZATU, MADARIKATUOK!
Assata
Autoekoizpena, 2019

Dantzatu, madarikatuok! filmarekin gogoratu da Assata taldea bere aurkezpen diskoan, eta oso alderaketa egokia da. Izan ere, Sydney Pollacken pelikulan bezala, gizarte kritika eta dantza elkartzen dira zazpi kanta hauetan. Arrasateko boskoteak rocka, musika elektronikoa eta estilo beltzak (funka, soula) nahasi ditu albumean. Halaber, Anger taldearen garaitik kideak baretuago ibili arren, mezua ez da leundu; are gehiago, zinikoagoa bilakatu da, Egologista bideoklipean argi ikus daitekeenez. Diskoaren grabazioan, La Furiaren laguntza izan dute,  beste musikari batzuen artean.