Direnari fidelak

kalekoKaleak sutan
Kaleko Urdangak
Tough Ain’t Enough Records, 2020

Pentsatzekoa da Kaleko Urdangak taldeak laster plazaratuko duela bere hurrengo disko luzea, baina, bitartean, apurka-apurka iristen ari zaizkigu lan hori nolakoa izango den irudikatzeko arrastoak.  Taldeak lau abesti grabatu zituen iazko abenduan: haietako bat Kaosa Euskal Herrian izeneko bilduman argitaratu da (disko hori uda ostean komentatuko dugu, merezi du eta), eta gainerako hirurak binilozko single batean plazaratu ditu Tough Ain’t Enough diskoetxeak. Gaiei dagokienez, urdangek abesti politikoak (Kaleak sutan) euskal historian oinarritutakoekin uztartzen segitzen dute (oraingo honetan, euskaldunon iragan arrantzaleari gorazarre egin nahi izan diote, Boga-boga kantuan); musikaren aldetik, berriz, orain arteko estiloari fidel eutsita,  ez dira oi! indartsu eta melodikotik aldendu, baina egiten duten hori gero eta hobeto egiten dute.
Gotzon Hermosilla