Liberoamerikako idazle gazteen bilduma, argitaratzeko prest

libero

Liberoamerika literatura sustatzeko ekimenak labean du Izotzetan islatuak liburua, eta uda amaieran argitaratuko du. 17 eta 29 urte bitarteko 24 idazle euskaldunen testu bilduma da, eta denetik dakar,  bai literatur generoei bai euskararen erabilerari dagokienez: gai existentzialak zein umorea, euskara landua zein kalekoa, narrazioa zein poesia...
Bildumaren editore lanak Leire Alonso Alluek eta Iosune de Goñi Garciak egin dituzte. Testuak iazko ekainetik irailera bitartean jaso zituzten; guztira, 44 proposamen izan ziren, eta horietatik 24 hautatu dituzte. Deialdian, Euskal Herri osoko egileek hartu dute parte. Batzuek oso ibilbide sendoa dute dagoeneko, baina beste batzuek hau dute beren testu bat paperean argitaratzen duten lehenengo aldia.
Hauxe da Liberoamerika aldizkari eta argitaletxearen Euskal Herriko sailaren lehenengo proiektua. Ekimenaren jarraipena Twitterren egin daiteke (@liberoamerika).


katakrakBAZKIDE BILA DABIL KATAKRAK, Iruñeko Kale Nagusiko liburu-denda, ostalaritza lokal eta areto kooperatiboa. Kontzientzia kritikoa eratu eta eraikitzeko bidean, sortzaileek dioten moduan, 2013tik 2.000 ekitaldi eta 320 prentsaurreko inguru antolatu dira Katakraken, eta argitaletxe bat ere sortu dute. Orain, proiektuari bultzada emateko, kooperatibistek Zuekin bai ala bai kanpaina jarri dute martxan. Izena katakrak.net webgunean eman daiteke, eta bazkide berriek abantaila hauek izango dituzte: urteko batzarrean parte hartzeko eskubidea, ekitaldietarako lehentasunezko sarbidea, deskontuak ikastaroetan eta argitaletxearen liburu bat opari.

 

 

 

 

 

 

patuarenPATUAREN ZURRUNBILOAN
Iker Garcia Rike
Erein, 2020

Asier Escribanok den-dena dauka bizitzan, baina gehiago nahi du. Boterea eta prestigioa eskuratzeko grinak bultzatuta, edozer egiteko prest dago bere helburua lortzeko. Ondorioak neurtu gabe, bide korapilatsu eta beldurgarrietan barrena abiatuko da, eta bere burua hainbat ekintza kriminaletan nahasita ikusiko du. Apurka-apurka, beti saihestu nahi izan duen zorigaiztoko patura hurbilduko da. Iker Garcia Rikek trama konplexu baten alde egin du bere aurreneko eleberri beltz honetan.

zerumuganBEGIAK ZERUMUGAN
Miren Agur Meabe Plaza, Ane Pikaza Ereño (ilustrazioak)
Elkar, 2020

Haurtzaroko ahotsak antzematen jarraitzen duten irakurle helduei idatzi dizkie poema hauek Miren Agur Meabek. Haize-arrosa batek gidaturiko bidaia proposatzen die, bidean aurkezten duen paisaia oro sentimendu bihurtuta. Poetaren ustez, zerumugari begiratzea abiatzeko bultzada izan daiteke. Ane Pikaza ilustratzailearen zerumuga, berriz, amaierarik ez duen mundu onirikoan dago. Biak eskutik helduta ibili dira liburu honetan.