Miñan

minanAmets Arzallus Antia
Ibrahima Balde
Susa, 2019

B2

Ibrahima Balderi entzuten jarri gaitu Amets Arzallusek, mahai baten bueltan. Haren istorio gordina jarri digu begien pare, migratzaile bakoitzak baitauka sorterria atzean uztera behartu duen bizipen lazgarria, mundu zabaleko hedabideek aldiro gizatasuna kenduta erakusten dizkiguten horietakoa, hain zuzen ere. Balde miñan-en (protagonistaren pular ama hizkuntzan neba-arreba txikia esan nahi du) atzetik abiatu zen, eta Ginean eraikitzen ari zen bizitzaren ametsa albo batera utzi behar izan zuen. Bilaketan, kilometro amaigabeetan zehar, etsipena, beldurra, gosea, egarria... eta, jakina, mina ere sentitu zituen. Anaia topatzea helburu, bere pausoen segidan katramilatu eta Europara heldu zen, nahiz eta hori ez zen bere nahia, inondik inora.
Arzallusek Balderi ahotsa eman nahi izan dio, Afrikako ahozko tradizioan zuzenean gurekin mintza dadin: erraz bezain sakona den berbaeran. Irakurketa erraza da, dudarik gabe. Are gehiago, irudi liezaguke konplexutasun handirik gabeko literatura dela; errealitatean, ordea, lerroen artean narrazio sakona dago, emozionalki bizitzen errazak ez diren egoerei buruzkoa, baita gertutik ezagutzeko zailak direnen gainekoak ere. Hala eta guztiz ere, Balde kikildu ez, eta ausardiaz mintzo zaigu, soari eutsiz. Haren hitzetan, bi begiekin egin behar da berba, bestela hitzak erori egiten direlako.
Arrate Beristain