Bertikala ala horizontala?

Bandoka funtzionatzen dugu gizakiok, batzuk besteen kontra: ganboatarrak eta oinaztarrak, patata tortilla tipularekin eta tipularik gabe, software librea eta jabeduna, Android eta iOS... Azken urteotan, bandoen arteko gerrarik handienetakoa prestatzen ari da, eta gehien-gehienok aldeetako bat aukeratu behar izan dugu inoiz, bideoak grabatzerakoan: horizontalean ala bertikalean?
Duela ez askora arte, galdera horrek ez zuen eztabaidarik onartzen. Kalitateko bideoak, profesionalak, horizontalak ziren. Zinemako pantailak horizontalak izan dira zazpigarren artea asmatu zen unetik, eta telebistak ere haren formatua hartu zuen. Horizontala zen bideoen ‘berezko’ formatua, eta noizean behin, deskuiduan, bertikalen bat agertuz gero, okertzat jotzen zen.
Baina, ai, sakelako telefonoen unibertsalizazioak aje bat baino gehiago ekarri digu. Pantailak handituz eta gailuaren aurrealde osora zabalduz joan diren heinean, eta, batez ere, telefonoa bera etengabe erabiltzera ohitu garen heinean, gero eta ‘naturalagoa’ egin zaigu bideo batzuk telefonoaren pantailaren formatuan ikustea: bertikalean. Are gehiago, telefonoen kamerek kalitatea irabazi ahala, gero eta ohikoagoa da telefonoak eurak erabiltzea ikus-entzunezko profesionalak grabatzeko. Eta telefonoak, denok dakigunez, bertikalki eusteko pentsatuta daude.
Ondorioz, gaur egun, bideo horizontala jada ez da beti eta edozein testuingurutan aukera ‘zuzen’ bakarra. Telefonoen erabileran abantaila handia hartu diguten Asiako hainbat herrialdetan, adibidez, dagoeneko erabat normala da sakelakoan ikusteko pentsatutako telesailak grabatzea... formatu bertikalean. Eman dezakeena baino ondorio sakonagoak ditu bideo bertikalen hedapenak. Izan ere, ikus-entzunezko hizkuntzan orain arte istorioak kontatzeko oso ohikoak ziren hainbat baliabide (planoen arteko fusioak, etenak egiteko moduak, plano/kontraplano jolasak) ezin dira erabili bertikalean, eta, hala, ‘hitz’ berriak asmatzen ari dira irudien hizkuntza ingurune berri honetara egokitzeko.
Eta zuek, nola grabatzen dituzue bideoak? Horizontalean ala bertikalean?

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/sindromea
Klasiko honek (ingelesez), umorezko bideoa bera, bideo horizontalak, eta ez bertikalak, zergatik diren egokiak azaltzen du.

https://labur.eus/zzbertikala
YouTube bera ere hasi da bideo bertikalak onartzen. Honela iragarri zuten bere garaian ZuZeu atari... horizontalean :)

https://zut.eus
ZUT aldizkari digitala sakelakoan baino ezin da ikusi, eta nerabeentzat egina dago. Bideo bertikalak etengabe erabiltzen ditu.