EuskalGeo, Euskal Herriko geografia jolastuz ezagutzeko

euskalgeo

Euskal Herriko geografia modu jostagarrian ezagutzeko aukera ematen du EuskalGeok, Iruñeko Mendillorri auzoko institutuko ikasleek Android gailuetarako sortutako aplikazioak. Hiru joko mota eskaintzen ditu, hirurak ere oinarri berarekin: Euskal Herriko herriak mapan kokatzea. Abiadura moduan, jokoak esandako herriak ahalik eta akats txikienarekin kokatu behar dira mapan, minutu bakarrean ahalik eta puntu gehiena lortzeko. Ezagutza moduan, jokoak adierazitako herriak gehienez 30 kilometroko marjinarekin kokatu behar dira mapan. Kokapen moduan, aldiz, mapan puntu bat agertuko zaigu, eta jokoak ematen dituen hiru aukeren artean zuzena asmatu behar da. Helburua, jakina, ahal beste puntu lortzea da. Gainera, norberaren puntuak sailkapen orokorrera igotzeko aukera dago. EuskalGeo ez da Mendillorriko ikasleek sortutako aplikazio bakarra. Izan ere, praktika gisa, aplikazioak garatu ohi dituzte, eta dagoeneko 26 dituzte Google Play-n.


urtekaria2019ko EUSKAL HEDABIDEEN URTEKARIA argitaratu du, sarean, Euskal Hedabideen Behategiak; COVID-19k zeharo aldrebestu duen urtean, ohi baino lehenago. Orotara, 26 egilek sinatutako 14 lan biltzen ditu urtekariak, inoizko bilduma zabalena, Behategiak berak nabarmendu duenez. Lanen egileak askotarikoak dira (kazetariak, unibertsitateko irakasle, ikertzaile eta ikasleak, erakundeen ordezkariak...),  baita jorraturiko gaiak ere: 2019. urteak euskal hedabideei dagokienez eman zuena; ikus-entzunezko kontsumo ohituren aldaketa eta euskarazko edukiak; euskarazko hedabideen arteko elkarlan egitasmoak; Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan; euskara hutsezko hedabideak eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak; Ipar Euskal Herriko hedabideen egoera; gazteria eta irratia aro digitalean... Den-denak Behategiaren atarian (https://behategia.eus) daude eskuragai.

 

LABURREAN

ivapITZULTZAILE automatiko neuronal juridiko-administratiboa sortu du IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, hizkuntza juridiko-administratiboan espezializatutako itzultzailea. Eusko Jaurlaritzak 2019an sareratutako Itzuli itzultzaile neuronala oinarri, IVAPek bertsio espezializatuagoa sortu du, bere Itzulpen Zerbitzu Ofizialean azken hogei urteotan itzulitako hamar milioi segmentu inguru gehituta. Laguntzarako tresna da itzultzailea. Izan ere, IVAPek nabarmendu duen moduan, itzultzailearen emaitzak hizkuntza gaitasun nahikoa duen pertsona batek berrikusi behar ditu beti. IVAPen gunean (www.ivap.euskadi.eus) aurki daiteke.

guukHEGO EUSKAL HERRIKO telekomunikazioen merkatuan, euskal operadore berri bat hasi da lanean: Guuk. Dominion eta Masmovil enpresek sortua, telefonia mugikorra eta zuntz optikoa eskaintzen ditu, eta soilik Hego Euskal Herrian ariko da. Aurkezpenean azaldu zutenez, euskaraz ere emango dute zerbitzua.