The Wolf of Wall Street

wolf

Zuzendaria: Martin Scorsese. Aktoreak: Leonardo DiCaprio, Jonah Hill, Margot Robbie, Kyle Chandler, Matthew McConaughey. AEB, 2013.

Istorioa: Benetako gertaeretan oinarritutako istorioa kontatzen du filmak: Jordan Belfort burtsako artekariaren ibiliak, haren hastapenak, goraldia eta hondoratzea. Broker lanean berria, hasiera batean zintzo jokatuko du Belfortek. Alabaina, finantzen munduan barneraturiko ustelkeriaz jabetzen denean, berak ere bide berari helduko dio. Hau da, etika kontuak alde batera utzita, ahalik eta gehien aberasteko bideari. Izugarri dirudun bilakatzearekin batera, sexuaz, drogaz eta askotariko gehiegikeriez beteriko zurrunbiloan murgilduko da, bere ekintzen ondorioei inolako beldurrik izan gabe.
Zuzendaria: Leonardo DiCapriorekin aspaldi hasitako harremanari jarraipena eman dio Scorsesek film honekin. Are, DiCaprioren laguntzari esker egin ahal izan du filma. Eskerrak, lan indartsua osatu baitu Scorsesek, Belforten bizipenak oinarri. Indartsua eta, bistan denez, arrakastatsua: ikusleak erakartzeaz gain, Oscar sarietarako bost hautagaitza eskuratu ditu, tartean, film onenarena, zuzendari onenarena eta gizonezko aktore onenarena.
Onena: Gaizkiaren putzu usteletan plisti-plasta primeran moldatu ohi da Scorsese, mafiaren kontuei heldu dienean erakutsi izan duenez. Oraingoan ere, odol zipriztinik gabe izan arren, ederki aritu da ustelkeriaren kiratsa haizatzen. Erritmo biziz, eta aktoreen lan onak lagunduta, hiru ordu motz bilakatzen dituen lan neurrigabekoa egin du, zenbait elkarrizketa eta eszena gogoangarri utzita.
Txarrena: Biziaren biziaz, arnasa hartzeko tarteak faltan botako ditu, beharbada, ikusleak.


EƱaut Mitxelena