Normaltasun berria

olasagarreJuanjo Olasagarre

Normaltasun berria kontzeptua asmatu zuenak ongi asmatu zuen bizitzen ari garena; ez, beharbada, bizitzen ari garena asmatu zuelako, baizik eta eufemismo ona delako bizitzen ari garen kaka zahar hau izendatzeko.
Pandemiaren hasieran, denok beldurtuta geundenean, bazirudien gizarteak porrot egingo zuela eta gauzak aldatzera zihoazela; gauzak aldatu ezean, gure gizarteak porrot egingo zuelako, dudarik gabe. Egun, baina, ez dirudi hori,  eta nahikoa dugu “normaltasun berrira” ohitzea, etorriko zaigunari iskintxo egitearekin konformatuta.
Pentsalari batzuek sinesten dute, oraindik ere, gure munduko injustizia, gehiegikeria, zentzugabeetan pentsatzeko garaian gaudela; niri, ordea, betikoan geldituko garela iruditzen zait. Nonbait, pandemia latzagoa behar dugu, behar du inertziaz funtzionatzera ohituta dagoen sistemak, gelditzeko.
Normaltasun berria kaka zaharra izango da; kaka zahar maskaraduna, denok bisaia estaltzera behartuko gaituen egoera.
Egia da, hala ere, denak ematen duela entretenitzeko aukera. Esaterako, maskarek zer egiten dute, edertasuna areagotu ala murriztu? Kaleak erdi irekita izateak, gure kontsumo ohituren zentzurik eza nabarmenduta, ez kontsumista bihurtuko gaitu? Euskararen erabilerak aterako du onik hemendik ala, ohi bezala, ahulen  ahulezia indartzera etorri da pandemia? Elkartasunaren aroan sartzen ari gara?
Tristea da, eta, aldi berean, lasaigarria. Tristea, gauzak aldatzeko beste aukera bat galdu delako eta, lehen esan bezala, ez dugulako aukera gehiegirik; lasaigarria, mundua ez delako erabateko hondamendian sartu (oraindik?), lehengo ohiturak ezagunak egiten zaizkigulako, normaltasun berria normaltasunaren sinonimotzat jotzen dugulako.
Ez dakit... beste errealitate batean bizi nahi nuke, mundu justuagoan, mundu ederragoan, mundu solidarioan, baina beldurra ematen dit mundu hau utzi eta beste horretarako aldaketak, zeina, Historiak halaxe erakusten du, dudarik gabe biolentoa izango baita.
Jada ez dakigu ezta zer desiratu ere! Maskarak, gainera, beroa ematen du.