Urmuga, musika eta mendia Euskal Herria josteko

urmuga

Maddi Oihenart Aizkorrin, Hertzainak taldeko Josu eta Gari Baltzolako kobetan, Donostiako orfeoia Baigorrin... beste hamaika emanaldiren artean. Musikari bikainak, bazter bikainetan: horixe eskaintzen du Urmugak, mendia, natura eta musika nahasten dituen jaialdiak. Et incarnatus orkestra eta Mendiak eta Herriak elkartea dira proiektuaren bultzatzaile nagusiak. Haien esanetan, “Urmuga gure herria mendebaletik ekialdera zeharkatzen duen irudizko lerroa da, ur isuriagatik Euskal Herria bi aldetan banatzen duen muga”. Gure iruditeri kolektiboan, mugek bereizi eta urrundu egiten dute, baina Urmuga egitasmoak hori aldatu nahi du, eta, aldi berean, aldarrikatu Gorobel mendilerrotik Auñamendietako Hiru Erregeen Mahairaino Urmugak Euskal Herria josten duela. Musikaldia uztailaren 14tik abuztuaren 1era egingo da, eta 9 kontzertu izango ditu guztira. Nahi duenak ibilaldi osoa egin dezake, baina aste osoko, asteburuko eta egun bakarreko aukerak ere badaude. Informazio gehiago, hemen: https://urmuga.eus.