Euskaraldia

ariguneaAriguneak gorpuzten ari dira

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa, eta euskararen erabilera ardatz duen ariketa soziala urrats sendoz ari da udazkeneko hitzordurantz. Hiztunen hizkuntza ohituretan eraginez eta euskaraz aritzeko guneak zabalduz nahiz ugarituz, euskararen erabilera areagotzea du helburu Euskaraldiak. Horretarako, aurten, ahobizi eta belarriprestez gain, ariguneak ere izango dira: entitateetan euskaraz aritzeko guneak, une oro euskaraz hitz egiteko aukera bermatuko dutenak, dela entitate barruan, dela entitateak herritarrekin duen harremanean. Bada, Euskaraldiaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, arigune asko aktibatu dira dagoeneko Euskal Herrian. Sektore eta mota ugaritako “ehunka enpresa, erakunde eta elkartek” osatu dituzte, eta Euskaraldian parte hartzeko izena eman dute. Nolanahi ere, irailaren 27ra arteko epea dute entitateek izena emateko, eta, hain zuzen, horretarako deia zabaldu dute Euskaraldiaren antolatzaileek. Osasun larrialdiak aurtengo edizioaren antolaketa aldrebestu badu ere, martxa onean doa Euskaraldiaren prestaketa. Hala, herrien izen-emateari dagokionez, Euskaraldiaren koordinatzaile Arrate Illarok azaldu duenez, “Euskal Herriko lurralde gehienetan, duela bi urteko herri kopuruak eman du izena jadak. Honek erakusten du herrietan gogoz eta ilusioz heldu zaiola berriro Euskaraldiari, azken hilabeteetan batzordeek ohiko dinamikari eustea erraza izan ez arren”. Urrats gehiago egingo dira aurrerantzean, eta norbanakook ere erne ibili beharko dugu: irailean hasiko da ahobizi eta belarripresten izen-ematea.