Nafarroa

astizAstitzeko aterpea itxi dute

Hogeita bat urteko ibiliaren ostean, Astitzeko aterpeak ateak itxi ditu. Beste asko bezala, pandemiaren eraginez, azken 10 urteotan aterpeaz eta jatetxeaz arduratu den Iñaki Herranek azaldu duenez. Udalekuak, eskolen egonaldiak eta antzekoak ziren negozioaren oinarria, eta, ondorioz, udaberria eta uda urte osoko zenbakiak berdintzeko sasoi nagusiak. Aurten, ordea, sasoi horretako jardun osoa bertan behera utzi behar izan dute, COVID-19 dela kausa. Diru-sarrerarik gabe, eta etorkizunean lanean hasteko modurik izango ote zuten jakin ezinik, ziurgabetasun horregatik erabaki du ixtea aterpearen kudeatzaile Astitzko Aterpea SL enpresak. “Guretzat pena handia izan da, baina ez drama” azaldu digu Herranek, aterpea ixtean ez dutelako inolako zama ekonomikorik izan. Gainera, sentipen gozoa dutela aitortu digu, “oso agur polita” izan dutelako: ikastoletako jendearen, Astitzeko kontzejuaren eta beste bezero askoren laguntasuna jaso dute azken asteotan. Hala, “sentipen horrekin itxi dugu, ongi lan egin izanaren sentipenarekin, hain zuzen. Hala suertatu da, eta, orain, aurrera!”. Geuk ere esker ona adierazi nahi diegu aterpea kudeatu duten Iñaki, Koldo, Nerea, Peru eta Immari, urte askoan eskuzabaltasunez eta lanean zintzo jaso izan dituztelako AEKtik iritsitakoak, besteak beste Korrikan ibilitako lantalde ugariak. Adiorik ez, beraz, hurrengora arte eta mila esker baizik!