Dibulgazioa

kartakKarta-jokoa koronabirusaren kontra

Koronabirusari buruzkoak azaltzeko tresna entretenigarria sortu dute EHUko Biokimika eta Biologia graduko bi ikaslek: Koronabirusaren bilakaera molekularra karta-jokoa. Alba Monasterio Couso eta Eneko Serrano Garcia dira egileak, eta Molecular Evolution ikasgaiaren barruan sortu dute. Hainbat helburu ditu jokoak: koronabirusen berri modu jostagarrian ematea, haien transmisioa eta hilgarritasuna azaltzea, babesteko modurik onenak jakinaraztea, eta dibulgazio zientifikoari, ikerketari eta osasun sistemari balioa ematea. “Birus mota horren hedapena gerarazteko neurriez kontzientziatzea da helburua, eta historian agertu izan diren anduiei buruzko informazioa ematea ere bai; izan ere, COVID-19 orain arteko agerraldietako bat besterik ez da” azaldu du Serranok. Informazio hori guztia modu hezigarrian ez ezik, modu erraz eta dibertigarrian ere zabaldu nahi zutenez, karta-jokoa hautatu zuten euskarri. Hala, bai irakasle eta ikasleentzat bai herritarrentzat tresna baliagarria izango dela uste dute. Era berean, osasun eta ikerketa arlo publikoak sendotu beharra nabarmendu dute bi ikasleek: “Ezertarako ez dute balio izango zortzietako txaloek, alferrik izango da orain arteko guztia, sistema publikoa ez bada nabarmen sendotzen arlootan”.