Bitxikeria

playmobilPlaymobil panpinak, dantzari

Hala ume nola heldu ugariren gozagarri dira Playmobil panpinak. Mordoxka dira munduan mota horretako panpinak moldatzeko eta itxuraldatzeko zaletasuna duten helduak. Horietako bat Peio Agirre (Berriz, 1969) da, eta, Dantzan.eus atariari esker, bere Playmobil panpina dotoreak ezagutu ditugu. Txikitan, asko jostatzen zen haiekin, eta orain birmoldatu egiten ditu, Euskal Herriko dantzariak irudikatzeko, besteak beste. Dantzan.eus-i azaldu dionez, duela hiru urte hasi zen horretan. Hasieran, bere herriko estanpak atontzen zituen; esaterako, garai batean elefante baten eta idien artean egin zen dema. Orain, estanpak egin beharrean, panpinak moldatzen ditu, besterik ez, eta atzean haien testuinguruari lotutako irudi bat jartzen die. Dantzaria denez, Euskal Herriko dantzariak zein inauterietako pertsonaiak egiten hasi zen, eta dagoeneko makina bat bildu du. Horiez gain, bestelako pertsonaia ezagunak sortzen ditu: musikariak, komikietako pertsonaiak... Horretarako, masa moldagarri batekin egindako gehigarriak jartzen dizkie panpinei. Emaitza, bitxia bezain ikusgarria, Agirreren sare sozialetan dago ikusgai: Facebook (https://www.facebook.com/peioagirrecustom/) eta Instagram: (https://www.instagram.com/playmobil.customizados/). Irudiak ikusita, asmatuko al zenukete nongo dantzariak diren edota zein pertsonaia ezagun diren? Egin proba!