Zinema

oscar2021eko Oscar sariak atzeratu egin dituzte

Datorren urteko Oscar sariak ohi baino beranduago banatuko dituzte, koronabirusaren pandemia dela kausa. Berez, 2021eko otsailaren 28an zen egitekoa 93. Oscar sarien gala, baina Hollywoodeko Akademiak bi hilabete atzeratzea erabaki du. Ondorioz, apirilaren 25ean banatuko dituzte. Hautagaien izenak, berriz, martxoaren 15ean jakinaraziko dituzte. Pandemiak zineman izandako eragina gogoan izan dute erabakia hartzeko. Zinema aretoak hainbat astez itxita egon direnez, film asko ezin izan dira estreinatu, eta beste filmazio asko gibelatu egin dira. Horiek guztiak lehian izan daitezen atzeratu dute data, bestela lan asko ezin izango liratekeelako aurkeztu. Gainera, lehenengo aldiz, zinema aretoetan ez ezik, bestelako plataformetan ere estreinatutako lanak onartuko dituzte, orain arte ez bezala. Aldaketa gehiago ere izango ditu datorren urteko ekitaldiak. Esaterako, hautagaiak aukeratzeko orduan, dibertsitate eta inklusio irizpideak kontuan hartuko dituzte. Minneapoliseko (AEB) poliziak George Floyd hil ostean sortutako protesten ondoren hartu du erabaki hori Hollywoodeko Akademiak.