Hedabideak

hekimenPandemiaren ondorioak nozitzen ari dira herri ekimeneko euskal hedabideak

Osasun larrialdiaren eraginez harturiko neurriak zuzeneko ondorioak eragiten ari dira euskarazko hedabideetan. Ez onerako: komunikabideon bideragarritasuna erabat baldintzatzen ari dira neurriok, besteak beste ohiko diru iturriei eragin dietelako. Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak, AIZU! ere barne hartzen duenak, inkesta egin du elkarteko hedabideen artean, eta emaitza gazi-gozoak bildu ditu. Ondorio positiboen artean, hedabideek azken hilabeteetan izandako kontsumitzaile hazkuntza: Hekimeneko hedabideen webguneetan, esaterako, iazko martxoan baino 500.000 erabiltzaile gehiago zenbatu dituzte aurtengoan. Gainera, baldintzak zailak izanik ere, hedabideek beren ekoizpenari eutsi ahal izan diote, moldaketekin bada ere. Lantaldeei dagokienez ere, oro har, ez da izan behin betiko kontratu eteterik. Ondorio negatiboak, baina, ez dira nolanahikoak; batez ere, diru iturrietan. Izan ere, horien arteko nagusietako batean, publizitatean, murrizketa handia izan da. Hamar hedabidetik zazpik, adibidez, % 40tik gorako murrizketa izan dute. Gainera, pandemiaren ondorioz, hedabideen % 71k bertan behera utzi behar izan dituzte egitasmo zehatzak. Harpidedun kopuruetan eta dirulaguntza publikoetan, oraingoz, murrizketa txikiak izan dira. Haatik, etorkizunean gerta daitekeenak kezka eragin du hedabideetan. Horrenbestez, sektorearen egonkortasuna bermatzeko, “erakunde guztiek beren konpromisoei eustea eta ahal den heinean areagotzea” funtsezkotzat jo du Hekimenek. Kinka larrian utzi ditu pandemiak euskarazko hedabideak, aurreko krisialdi ekonomikotik oraindik ere osatu gabe hedabideen mundua bizitzen ari den eredu aldaketaren erdian sektorea egonkortzeko bidean ari zirela. Euskarazko hedabideak sektore estrategikoak direla aintzat hartuta, orain arte lortutakoari eusteko eta hobetzeko beharra azpimarratu du Hekimenek, elkarlanaren garrantzia nabarmenduta. Hartara, hedabideen egonkortasuna bermatuta, euskararen normalizazioan urrats gehiago egiteko bideari eutsi ahal izango diogu.