Tokioko Olinpiar Jokoak atzeratzeak asko lagunduko dit

odeiOdei Jainaga
Xabalina jaurtitzailea

Konfinamendua Mutrikun igaro ostean, izebaren etxean, mendian, Jainaga (Eibar, 1997) bueltan da Getxoko Fadurako Goi Errendimendurako Kirol Gunean; bertan bizi eta entrenatzen da, Basque Team Fundazioaren babesari esker. 2018an ukondoan izandako lesio larria ia guztiz gaindituta, 2021eko Tokioko Joko Olinpikoak ditu helburu. 2018an, Espainiako marka lortu zuen, historikoa: 80,64 metro, nahiz eta 2019an Manu Quijera iruindarrak gainditu egin zuen. Xabalinarekin hasi aurretik kirol ugaritan ibilitakoa, arrantzazale porrokatua da.

Normal entrenatzen hasteko gogoz?
Bai, badut tartanean entrenatzeko gogoa, Mutrikun hainbeste denboran egindako lana zelan transmititzen den ikusteko, batez ere. Beste seriotasun batekin-edo hartzeko, orain arteko “oporretako” entrenamendu hauek alde batera laga eta gimnasiora bueltatzeko, pistara joateko... Mutrikun, zelai batean aldapan behera jaurtitzen nuen, eta, tira, barregarria da eta ondo dago, baina orain hasiak gara entrenamendua pixka bat lehiaketarantz bideratzen.
Lesioa, jada ahaztuta?
Ahaztuta ez, minak-eta oraindio izaten ditut, eta ukondoa ez dago perfektu. Hanturak-eta igartzen ditut... Ez dakit, denboraldi honen edo hurrengoaren bukaeran beste garbiketa bat egin beharko didate. Ukondoak lanak ematen ditu; hainbeste erabiltzen dudanez, azkenean sufritu egiten du. Teknika aldatu eta nahikoa konpondu dut minaren kontua, beraz, nahiz eta ez egon bikain, badut jaurtitzea, bederen.
Olinpiar Jokoak atzeratzea begi onez ikusi duzu?
Oso! Berez, aurten, indar aldetik-eta oso ondo nintzen; igual, inoiz baino indartsuago. Baina neguko txapelketen ostean, bizkarreko eta sorbaldako minez ibili nintzen, eta teknika ez neukan nire punturik onenean. Lesioaren ostean, mina hartzeko beldurrarengatik edo dena delakoarengatik, teknika okerragoa dut. Geldialdi honek eta Mutrikun egindako teknika saioek, nahiz eta belarretan izan, hori berreskuratzen lagundu didate. Orain, indarra badaukat, tartanean teknika nireganatzea falta zait, korrika eta abiadura normalean. Hortaz, atzerapen honek asko lagunduko didala uste dut, denbora emango dit. Gainera, heldutasun gehixeago izango dut, eta eskertzekoa da.
Xabalina jaurtiketan hasteko, ama jaurtitzailea izateak eragina izan al zuen?
Ez. Ama ez dut ezagutu jaurtitzen. Jaio nintzenerako lagata zeukan. Beti galdetzen didate berdina, eta nik beti erantzuten dut berdina. Kirolean aitak eman izan dit bultzada handiagoa; amak, agian, genetika eman dit, eta aitak inplikazioa.
Arrantza, mendia... Zaletasun lasaiek balio dute kirolaren presioa orekatzeko?
Ez dakit kirolaren presioa edo zer, baina bai, deskonektatzeko asko erabiltzen dut. Sarritan joaten naiz arrantzara edo mendira, maiz bakarrik, eta gustatzen zait: ezer entzun gabe, soilik haizea, ura, hostoak... Zaletasun  horiek edukiko ez banitu, nik uste oso gaizki pasatuko nuela lesioarekin.  Une gogorrak izan ziren, eta zaletasun horiek gabe, askoz gogorragoa izango zen. Eskertzen dut irtenbide horiek edukitzea.
Xabalinak ala kanaberak, zer dituzu gehiago?
Kanaberak. Kanabera dezente dut, xabalinen bikoitza baino gehiago.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Leihoa zabaldu eta egun eguzkitsua ikusteak.
Eta tristatu? Ez naiz erraz nahigabetzen, normalean beti egoten naiz pozik.
Zerk eragiten dizu barrea? Tontokeriek.
Eta negarra? Ezintasunak.
Bizio bat? Azukrea eta gaueko ColaCaoa.
Kirolari bat? Kirolariei ez diet jarraitzen, niri kirola praktikatzea gustatzen zait. Ez daukat kirolari erreferenterik.
Xabalina jaurtitzaile bat? Jan Zelezny. Izugarria da nola jaurtitzen duen, ikusgarria.
Amets bat? Poztasuna. Bizitza bukatzerakoan, konforme egotea bizi izandakoarekin.
Arrantza ala onddo bilketa? Arrantza.
Arrantza ala xabalina? Arrantza, arrantza!
Eñaut Mitxelena