Aurrera begira

Udaberririk gabeko urte arraro honek aurrera jarraitzen du, eta uda betean gara, normaltasun berria esaten zaion horretan murgilduta. Egoera aldakorrean, ziurgabetasuna nagusi da oraindik, baina hasiak gara ohiko jarduntzat genituenak berreskuratzen, tirriki-tarraka, ezohiko baldintzetan bada ere. Jarduera ekonomikoa suspertu nahian dabiltza asko, edota itxialdiak emandako kolpeari buelta emateko ahaleginean; esaterako, udara urte osoko garairik garrantzitsuena duten negozioak: turismoari lotutako lanak direlako, herrietako jaiak bizibide nagusi dituztelako... finean, bizirauteko uda ezinbesteko duten negozioak. Uda hau berezia izango da, ordea, eta egoerara egokitu behar. Itxaropen eta baikortasunez batzuk, ezinegonak jota besteak, baina lanean, ahal den neurrian eta ahal den moduan, udak zer emango. Esti Lanao, Amaia Gartzia Payo.

mikelestonea

“Ongi moldatuko garelakoan gaude”

Etxalarko Mikelestonea landetxea eta Herriko Ostatua gobernatzen dute Axun Maia Aristegik eta Xabier Vizente Arburuak. Pandemiak ezarritako etenak aurreikuspen oneko urtea hankaz gora jarri zien, “akaso inoizko urterik hoberena” izan zitekeena. Halere, baikor ageri dira egoeraren bilakaerari dagokionez, eta gogotsu ekin diote berriz. Hainbeste, ezen udako erreserbak betetzen ari zaizkien dagoeneko.

Gaitzaren etorrerak bi bider kolpatu zituela esan daiteke, ixtera behartuak izateaz gain, unerik okerrenean etorri zelako. Udaberri inguruan hasten da lana handitzen honelako negozioetan: “Mugimendu handia espero zen, eta aurten indartsu zetorren”.
Etena martxoan hasi arren, lehenagotik hasi ziren ondorioak nabaritzen, jendeak erreserbak bertan behera utzi ahala. “Hagitz aurreikuspen politeko urtea” horretan geratu zen, aurreikuspen hutsean.
Orain zabalik dira berriz, nahiz eta irekiera faseka egin duten. Zerbait egin beharrak bultzatuta, etxez etxeko zerbitzua jarri zuten abian. Zer-nolako harrera izan zuen galdetuta, bikaina izan zela diote, eta esker ona besterik ez dute herritarrenganako: “Gure baserri eremu honetan ulertzeko, artalde bati ataka bat irekitzen diozunean bezala izan zen, denak bat sartzen direnean, berdintsu”.
Gogotsu ari dira berriz lanean. Mugak zabalik izateak itxaropena ematen die, bezero asko ondoko eskualdetakoak direlako. Udari begira ere dezente optimista daude. Batetik, eskualdea eremu seguruenetako bat delako: jende gutxi dago eta naturak ingurune zabala eskaintzen du. Bestetik, gogo handia dagoelako horrelako tokietara joateko: “Bat-batean, landetxea beteta dugu abuztu osorako, eta uztaila bide beretik doa”.
Jaiak bertan behera geratu diren arren, ostatuan lana bizkortzen ari da. Oporretan ongi moldatuko direlakoan daude, baina geroak kezka eragiten die. Bizi izan dugun egoera errepikatzeko aukeraren gainean galdetuta, ziztu bizian erantzun dute: “Ez dugu horretan pentsatu ere egin nahi”. Erori eta altxatu, horixe da haien leloa.

komunonak

“Egoera puntuala dela eta datorren urtean lan maila bera izatera bueltatuko garela uste dugu”

Komunonak enpresak hainbat ekimenetarako komun eramangarri ekologikoak eskaintzen ditu, besteak beste. Egungo egoeran, ordea, ohiko ekitaldiak bertan behera geratu direnez, beste sektore batzuen artean eraikuntzara hedatu behar izan dute, jarduera eten behar ez izateko.

Euskal Herrian komun eramangarrien zerbitzu gehiegirik ez zegoela ikusita, Oskar Salinasek lan aukeratzat jo zuen; hala, 2009. urtean abiatu zuen, emaztearekin batera, Komunonak enpresa: “Hasieran, hamabi komun eta ibilgailu batekin besterik ez genituen eskaintzen zerbitzuak inguruko herrietan; zerbait ezberdina eskaini nahi genuen, kalitatean eta aholkularitza pertsonalizatuan oinarrituta”. Horregatik, mota askotako komunak eskaintzeaz gain, bestelako zerbitzuak ere eskaintzen dituzte; adibidez, ekitaldiaren arabera komunik egokiena zein den aholkatzen dute, eta higiene kontuei ere garrantzi handia ematen diete.
Uda izaten dute garairik emankorrena, jaiak, kontzertuak edota ezkontzak ugariak izaten direlako. Hala ere, aurtengoa oso ezberdina izango dela jakitun, bestelako irtenbideak aurkitu dituzte: “Ez ditugu betiko ekitaldiak izango, baina eraikuntzaren sektorean, esaterako, lan dezente egiten ari gara, eta horrek eusten gaitu aurtengo garai zail hauek gainditzeko”. Gainera, higiene eta garbiketa kontuek azkenaldian garrantzi handi-handia hartu dutenez, bezero berriak etorri zaizkie, eta esker onekoak sentitu dira horregatik: “Ez dira garai oso onak, eta horrelako lanek gure egunerokoari eusten lagundu digute”.
Hamarkada bat bete duten honetan, hasierako urteak zailak izan zirela aitortu dute: “Hastapenak sekula ez dira errazak, ez, baina uste dugu lan polita eta emankorra bihurtu dela ahalegin guztia, eta horretan dihardugu”. Horregatik, oraingo egoera honi dagokionez optimista agertu dira, eta iragankorra izango dela pentsatzen dute: “Hau guztia pasatuko da, eta datorren urtean, agian beste modu batean izan arren, lan bolumen bera izatera itzuliko garelakoan gaude”.

 lizarralde

“Lan egiteko prest jarraitzen dugu, beste baldintza batzuetan bada ere”

Etorkizun zalantzagarria dute Lizarralde Soinua-Txalaparta enpresako Eneko eta Unai Lizarralde Lezana anaiek. Jendaurreko ekitaldi guztiak bertan behera geratu ostean, haien jarduera ere etenda geratu da, normaltasun berriaren zain.

Ibilbide luzea du Eneko Lizarralde Lezanak, anaiarekin eta beste lankide batekin batera, Lizarralde Soinua-Txalaparta enpresan. 1993tik, Euskal Herri osoan aritu dira, batez ere Araban, jendaurreko ekitaldiak megafoniaren bidez eta, oro har, soinu instalazioen bidez indartzen: “Normalean, alokairuak eskaintzen ditugu, eta, noizbehinka, ikastola eta eskoletan, elizetan eta horrelakoetan megafonia instalazioak ipintzen ditugu”.
Orain arte, urtez urte errepikatu ohi diren ekitaldietan lan egin dute; besteak beste, herrietako jaiak, azokak, kontzertuak eta ikastolen aldeko jaiak soinu ekipoz hornitu dituzte. Koronabirusaren ondorioz, baina, guztiz aldatu da enpresaren egoera: “Oraingo honetan, lan eskaera zeharo murriztu da; ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira, eta prentsaurrekoetan eta halako aurkezpenetan baino ezin izan dugu lan egin”. Dagoeneko lotuta zituzten ekitaldi guztiak datorren urtera atzeratu dira. 
Horrez gain, enpresa honen kasuan, lan bolumena garaiaren arabera aldatzen da; izan ere, udaberri eta uda partean izaten ditu ekitaldi gehienak, eta irailera arte eskaerak eta lan jarduera ziurtatuta ditu. Aurtengoa, ordea, erabat ezberdina izan da: urte hasierako hilabeteak eskasak izan dira, eta tartean itxialdia izan dugu. Orain, ezjakintasunez ari dira aurrera egiten, nolabait: “Abuztua eta iraila hil onak izan ohi dira, baina aurten ez da horrela izango, eta zaila da aurreikustea nola egongo garen urrian edo azaroan. Batek daki”.
Hala ere, une batetik bestera sortzen diren gauzei adi egongo direla diote: “Lan egiteko prest gaude, eta badakigu beste baldintza batzuetan eta neurriak hartuta egin beharko dugula”.