Zer moduz moldatu zarete euskara-eskolak etxetik jarraitzen?

ikamika

Ezohiko ikasturte amaiera izan da aurtengoa, COVID-19aren eraginez. Ekainean, ikasturtea amaitzeko egun gutxi falta zirenean, zabaldu zituzten berriz ere ateak martxoaren erdialdetik osasun larrialdiarengatik itxita egondako euskaltegiek. Itxita egonik ere, euskara eskolek ez dute etenik izan: irakasle eta ikasleen ahaleginari esker, eta sareak baliatuta, etxetik euskara ikasten jarraitu ahal izan duzue, euskaltegia etxean “sartuta”. Ezohiko eskolak, ezohiko garaian. Baina, zer moduz moldatu zarete eskolak etxetik jarraitzen? Faltan sumatu dituzue ikasgela eta aurrez-aurreko eskolak? Portugalete eta Santurtziko Xaribari AEK euskaltegiko ikasleak

1. Idoia Nuñez (C1)
Oso azkar moldatu nintzen egoera berrira, baina ezinbestekoa izan zen irakaslearen laguntza eta motibazioa, etxetik lan egiteko ohitura barneratzeko. Nire aburuz, bideo-deiak oso lagungarriak izan ziren zalantzak argitzeko, eta mintzapraktikarako. Hala ere, nire kasuan zail samarra izan zen alaba txikiarekin denbora izatea, eta etxerako lanak egiteko behar nuen lasaitasuna aurkitzea.
2. Maitane Fernández (C1)
Pandemia dela eta, etxetik edozer egitea zaila bihurtu zen lehenengo asteetan. Poliki-poliki etxean ariketak egiteko ohitura hartzen hasi nintzen; hala ere, ez zen klasera joatea bezala. Euskara ikasteko egokiena euskara munduan murgiltzea da eta nire kasuan, etxetik, oso zaila iruditu zait.
3. Iñaki de la Cruz (C1)
Noiz eta ikastaroan gertatu behar! Pandemiaren itzala agertu zen momentuz, galdera berehala sortu zen: nola moldatuko ginen egoerara, erritmoa ez galtzeko? Telelana bazegoen: egoera arintzeko balio zezakeen, eta modurik “erosoena” zirudien. Baina... nork aukeratu zuen euskara ikastea “Kindle” erara? Nik ez, eta jarraitzen dut hurbiltasuna nahiago izaten. Sasoi hau amesgaiztoa izan da niretzat; hala ere, ez dut etsiko.
4. Ixone Anabitarte (C1)
Atzerantz begiratuz, esango nuke hasieran nahiko ondo moldatu nintzela. Denbora gehiago eduki nuen nire erritmora ariketak prestatzeko eta kontzeptuak finkatzeko. Beraz, niretzat orokorrean aukera ona izan zen; arazo bakarra izan zen bideo deiak egitean ezin nituela elkarrizketak ondo entzun. Geroago, lanera itzultzean, denbora kudeatzea zailagoa zen, batez ere, semea etxean egonda.
5. Celso Urbina (B2)
Hasieran zaila iruditu zitzaidan, eskolara etortzea asko gustatzen zait eta. Baina ezin ginenez etorri etxetik lan egitera, moldatu egin nintzen. Irakasleari esker astero bideo deiak eta eskola birtualak egiten genituen eta azkenean gustatu zait. Baina etorkizunean nahiago dut euskaltegira etorri.
6. Gabriela Martinez (C1)
Egia esan, ez da batere erraza izan, kostatu zaidalako kontzentratuta egotea etxean. Gainera, hainbat ariketa egiten nuenean, zalantzak sortzen zitzaizkidan, eta une hartan ezin nion galdetu inori. Beraz, irakaslea animatzen saiatu arren, pixkanaka-pixkanaka motibazioa galtzen hasi nintzen. Baina bideo-deiekin animatu nintzen, ikaskideekin hitz egin ahal nuelako, eta berriro ilusio handia sentitu nuen.
7. Miren Díaz (B2)
Aurten euskara ikastea oso desberdina izan da, nahiz eta etxean materialak eduki, nabaritu dut klasera ez joan izana.  Ez nuen etxetik lan egin nahi, baina, eskerrak eman nahi dizkiot nire irakasleari dena hain erraz egiteagatik! Jolasak, teoria, idazlanak.... batzuetan ez zirudien etxean nengoela, klasean baizik!
8. Alazne Ovejero (B2)
Hasieran ideia ez zitzaidan gustatzen institutuko eskolak kaos bat izan direlako. Baina, euskara-klaseak oso onak izan dira, eskerrak. Astean behin denok batera konektatzen ginen irakaslearekin dudak argitzeko, jolasteko eta mintzatzeko. Material ugari izan dugu eskolak aurrera eraman ahal izateko.