Ardoari eta bizitzari bidea egiteko

biba

Ardoari gorazarre, eta bizitzari ere bai. Ez, baina, edonolako ardoari, ezta edonolako bizitzari ere. Bestelako ardo kulturaren alde egiten du Biba Ardoak-ek, Euskal Herrian ardo ekologiko, biodinamiko eta naturala ekoizten duten Euskal Herriko zenbait upategi txikik beren ardoak merkaturatu eta banatzeko sorturiko kooperatibak.

 

Zehazki, hamalauk eratu dute: hainbat sor-markatakoak eta sor-markarik gabeak, ekologikoak denak, Euskal Herrian ardoa ekoizten duten eskualde guztietakoak. Denak dira txikiak, eta ardo ekologiko, biodinamiko eta naturalak ekoizten dituzte. Mahastizain-ardogile dira. Hala, mahastitik koparaino, ardoaren prozesu osoa beren eskuetan izan dadin elkartu dira, berez ere zaila den merkatuan lekua egiteko asmoz.
Mundu mailan, mahastizain-ardogile ekologiko, biodinamiko eta naturalak iraultza egiten ari dira. Mugimendu handi bezain zabala da, eta herrialde askotan dago” dio Arturo Villanueva Biba Ardoak-en koordinatzaileak, Katalunian eta Frantzian halako mugimenduek hartu duten indarra adibide jarrita. Euskal Herrian ere badira halakoak, “baina ez zuten mugimendurik osatzen, ez zeuden hala egituratuta, eta ostalariek zein publiko orokorrak ez zuten bestelako aukerarik”. Euskal Herri osoko mahastizain-ardogileak lehen aldiz batuta, hutsune horiek betetzeko asmoz jaio da Biba Ardoak.
Horretarako, eta honetarako: bestelako ardo kultura sustatu. Hau da, “Euskal Herrian ardo kultura berritu, eta bizia, osasungarria eta herrikoia izan dadin. Azken hamar urteetan ardoaren munduan izandako aldaketa nagusia izan da, eta da, lurrera itzultzea, benetakotasunera, mundu aldrebes hau nolabait orekatzea, mahastietatik hasita”. Horretarako, ardo kultura gaurkotu nahi dute. Villanuevaren hitzetan, “gaurkotzeak esan nahi du lehengora itzultzea; berritzea, bai, baina lehengora itzulita. Gizakiak 8.000 urte daramatza ardoa egiten, eta gure herrian, ziurrenik, 2.000 urte inguru, erromatarrek ekarri zutenetik. Bada, azken 30-40 urtean baino ez dira erabili kimikoak. Lotura lurrarekin galdu egin da; azken finean, gaur egungo ardoak laborategietan eginak dira. Horregatik, gauzak beren berezko tokira itzuli nahi ditugu, beti izan diren modukoak izatea nahi dugu. Ardo ona mahastian egiten da, natura eta mahatsa errespetatuta. Hori da naturaltasunera itzultzea, lurrera, mahastizain-ardogile ogibidea aldarrikatzea”.
Behin eta berriz nabarmentzen ditu mahastizain-ardogileak, ardoa egitea, lanbide baino, bizimodu dutenak. Frantsesezko vigneron hitza aipatzen dute. “Mahastizain-ardogile esan nahi du, baina euskaraz ez dugu hitzik vigneron adierazteko, alegia, mahastizaina (nekazaria) dena eta lurra lantzen duena, baina aldi berean ekoizlea, ardoa egiten duen artisaua, ere badena. Modu agroekologikoan lan eginda, gure lana tokikoa, ekologikoa, txikia eta humanoa da, lurrari eta lurraldeari atxikia: gure mahastizainek sortzen duten aberastasuna bertan geratzen da”. Finean, “haien lan moldeak bizitza jartzen du jardunaren erdian, mahastiak eta natura bizitza birsortzeko zaintzen baitituzte”.
Gure herrian, ardoa beti izan da ezinbestekoa otorduetan, ospakizunetan, kulturan... Gure kulturaren osagai oso garrantzitsua izan da. Baina azken urteotan,  nolabait elitismo kutsua hartu du, ardo industriaren interesen mesederako, eta arreta lurrarekin, mahatsarekin eta ardoarekin inolako zerikusirik ez duten beste elementu batzuetan jarri da”. Bestelako ardo kultura aldarrikatzen dutenean, dena den, bizitza jarri nahi dute erdigunean, mahastizainen bizimodua, “bizitza darien ardoak” ekoizteko. Bizitza erdigunean, beraz, elikadura burujabetzarantz urratsak egiteko. “Proiektu hau Euskal Herrian eta Euskal Herrirako sortu da. Gure herriak ongi jateko eskubidea du, eta ongi jatearen barruan ardoa ere badago, elikagai bat delako. Elikagai hutsa, baita elikagai kultural eta soziala ere, eta herriak eskubidea du ardoak nola ekoitziko dituen erabakitzeko. Horixe da, hain zuzen ere, elikadura burujabetza”. Izan ere, ardoa ez da negozio hutsa, “bizitza ulertzeko modu bat” baizik.
Urtebete lantzen eta gorpuzten eman ostean, iragan martxoaren hasieran aurkeztu zuten Biba Ardoak egitasmoa jendaurrean. Handik egun gutxira hasi zen koronabirusaren krisia, eta nozitu dute, jakina. Hasteko, hasi berria zuten jardun publikoa bat-batean eten die. “Gehienbat ostalaritzara begira jarrita ginen, eta zaila izan da”. Nolanahi ere, kontsumo kooperatibekin hasi ziren lanean, baita etxez etxeko salmenta eskaintzen ere, eta horri esker “arnas pixka bat” hartu ahal izan dute, erantzun ona jaso dutelako. Hala, aurrerantzean ere bide horietan sakontzeko asmoa dute, ostalaritza ez ezik, zuzeneko salmenta ere jomuga. Ardoaz gozatzeko bide berriak jorratuko dituzte, gainera, betiere tokikoari, lurrari, naturari eta ekologiari garrantzia emanda.

Proiektu irekia

Egun, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Nafarroa Behereko 14 upategi biltzen ditu Biba Ardoak-ek: Arabako Errioxako sor-marka duten Gil Berzal, Hontza eta El Mozo Wines; Nafar Errioxakoa duen Biurko Gorri; Nafarroako sor-markadun Mendiko, Lezaun, Aristu eta Azpea; Irulegiko Arnoa sor-markadun Espila,  Bordatto eta Bordaxuria; Getariako Txakolina sor-marka duen Urkizahar; Bizkaiko Txakolina sor-markadun Ulibarri Artzaiak; eta sor-markarik gabeko Baztango Xurie nafarra. Halere, proiektu irekia denez, oinarrizko ezaugarriak betetzen dituzten mahastizain eta ardogileek badute bat egitea. Badirudi hala egiten ari direla, Villanuevaren hitzetan: “Beste batzuk sartzen ari dira, eta gehiago etortzea espero dugu, jakin badakigulako belaunaldi berriak datozela. Horientzako erreferente izan nahi dugu, orain arte Euskal Herrian ez delako izan mugimendu egituraturik”.