Ametz eta txondor artean galduta

araba

Izkiko parke naturala abiapuntu ona da Arabako Mendialdea bihotzetik bertatik ezagutzen hasteko. Bernedoko Karobien eta txondorren ibilbidea aukera paregabea da beste garai bateko ogibideak bertatik bertara ezagutzeko, pago artean. Jon Rejado.   

Altxor bat dago Lautada eta Arabako Errioxa artean: Arabako Mendialdea. 584 kilometro koadroko azalera du kuadrilla horrek, eta hamaika harribitxi. Horietako asko gordeta daude, inguruko eremu ezagunagoen itzalpean, baina apur bat galtzea nahikoa da haiek ezagutzen hasteko. Zer aproposagoa bihotzetik bertatik hastea baino, Izkiko parke naturaletik, hain zuzen. 
Naturaguneak 9.000 hektarea baino gehiago ditu, eta 1998tik da parke naturala. Bertan sartzeko, hamaika leku daude, baina Korres herrian hastea oso egokia da: babestutako eremuaren barruan dagoen herri bakarra da, eta bertan dago Izkiko Parketxea, interpretazio zentroa. Ibilbide guztien berri emateaz gain, hango erakusketa egonkorrean parke naturalaren ezaugarri adierazgarrienak ezagut daitezke. Bisita gidatuak ere egiten dituzte, zeinak parke naturalaren webgunean iragartzen dituzten.
Itzi Maestrek, interpretazio zentroko gidak, parke naturala hiru eremutan banatuta dagoela azaldu digu. Korres herria Mendien eremuan dago. “Bioaniztasun handieneko ingurua da, hainbat espezietako basoez gain, haitz paretak eta erreka dituelako”. Iparraldean, Mendilerroa izeneko ingurua dago. “Ez daude hainbeste baso, baina lekurik garaiena denez, ikuspegi apartak daude”. Bi eremu horien artean dago eremurik “garrantzitsuena”, Maestreren hitzetan. Ametz baso handia dago bertan, eta, hain zuzen, amezti hori babesteko sortu zuten parke naturala.
Hiru eremu horiek ezagutzeko, hamabost ibilbide daude. 2 eta 10 kilometro arteko txangoak dira, behar guztiak asebetetzeko modukoak: familiarekin egitekoak, Korres eta Bujanda arteko arroila, kasu; nahi beste nekatzekoak; leku berean hasi eta bukatzen direnak; edota parkea alde batetik bestera zeharkatzen dutenak. Ibili ahala, askotariko fauna eta flora ikus daiteke. Esanguratsua da okilen populazioa: sei mota daude, eta horien artean okil ertaina da adierazgarriena: “Penintsulako populazioaren herena Izkiko parkean dago”. 
 
Ikazkinen aztarnak
Interpretazio zentroko txoko batean, gizakiak Izkiko parke naturalean utzitako aztarnak ikus daitezke, asko: Lañu, Faidu eta Markizeko haitzetan zulatutako etxebizitzak, bai eta inguruan izan ziren lanbideak, besteak beste. Azken horietako batek Izkitik kanpora jauzi egiteko aukera ematen du, hegoaldera, Bernedoko Karobien eta txondorren ibilbidera, hain zuzen. Arabako Mendialdeko hainbat eremutan, oso zabaldua egon zen ikatza eta karea egitea. Bada, ibilbideak lan horiek bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du, garai bateko aztarnen artean.
Bernedo herrian, edota Okongo Amaren baselizan, hasten da kilometro eta erdiko txangoa. Familiarekin egiteko modukoa da. Lehen zatia, aldapatsu bakarra, San Tirso mendi tontorrera igotzeko bidearen hasiera da. Hara igotzen direnek Arabako Errioxa eta Arabako Mendialdea ikusiko dituzte, 1.300 metrotik gora. Karobien eta txondorren ibilbidean sartzeko saihesbidea, berriz, kartel batek adierazten du, aldapan gora egiten hasi eta minutu gutxira. 
Bide osoa itzalpean egiten da, eta lau karobi eta txondor bat ikus daitezke. Karobiak garai batean erabiltzen zirenen aztarnak dira. Informazio tauletan, argibide guztiak ageri dira, lan horien nondik norakoak ezagutu ahal izateko. Jarduera horiei buruzko informazioa, baita gehiago ere, Pipaongo Museo Etnografikoan zabal daiteke. Pilar Alonso Ibañez etnologoak sortu zuen museoa, eta gogora ekarri du garai batean udalak ematen zuela baimena txondorrak egiteko, baina herritar askok isilean egiten zituztela, gauean. “Txondor txikiak ziren, eta iluntzean piztu behar zituzten, zaindariak kea ez ikusteko”.
Ikatz hori Arabako Errioxara eramaten zuten, maiz. Horretarako erabiltzen zituzten bideetako bat Lagran herritik ateratzen da, Pipaon eta Bernedo artetik. Arabako Mendialdeko emakumezkoek egin ohi zuten bide malkartsu hori, Kantabria mendilerroa zeharkatuz, Guardian ikatza saldu, eta ardo eta olioarekin itzultzeko.
Aipatu bi inguru horiek Arabako Mendialdean gordeta dauden harribitxien bi ale baino ez dira. Askoz gehiago daude. Batzuk ezagunak: Vasco-Navarro trenbidearen bide berdea, Antoñana herri harresitua, Urturi herritik ateratzen diren mendiko bizikletarako bideak… Beste asko, ezezagunak: Erroitegiko mendiak eta Igoroingo sakana, Santa Teodosia baseliza… Hainbat egunez bertan galtzeko moduko eskaintza.

Oinarrizko informazioa:
Izkiko parke naturaleko interpretazio zentroa: Telefono-zenbakia: 945 41 05 02
Webgunea: https://izkiparkea.eus/eu/
Udako ordutegia:
Lanegunetan (astelehenetan itxita), 10:00-14:30 eta 16:00-19:00
Larunbat eta jaiegunetan, 10:00-14:30 eta 16:00-19:00
Pipaongo Museo Etnografikoa :
Telefono-zenbakia: 945 40 32 66 eta 608 395 516
 (hitzordua egin behar da).
 Non jan eta lo egin: https://www.montanaalavesa.com/ webgunearen Turismo atalean.