Liburu-dendak... eta gehiago

Izenak berak ez du zirrikiturik uzten: liburu-dendak, liburuak saltzeko dendak. Haatik, ez dute zertan salerosketarako gune soil izan. Hitza oinarri, liburuen jira-biran, badira egitasmo zabalagoak eraiki dituztenak. Sormena, pentsamendu kritikoa eta eraldaketarako gogoa uztartzen dituzten proiektuak, liburuetatik haragoko bidea eginez. Horren adibide dira Donostiako Kaxilda, Iruñeko Katakrak (lehengo La Hormiga Atomika) edota Bilboko Anti-. Bide komertzial arrunta alde batera utzita, eta merkatuaren irizpideei iskin eginda, konpromisotik berezkotasunari heldu dioten proiektuak. Arkaitz Almortza, Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

 

atomika

Erronka berri batekin ekin dio urteari Iruñeko La Hormiga Atomika liburu-dendak. Sei urtez Curia kalean egon ostean, Kale Nagusiko 54.era egin du salto, herritarrei zerbitzu berria eskaintzeko xedearekin. 2007an inurriek hasitako bide bera jarraituz, “Iruñerriko eraldaketa sozialaren alde” lan egingo duen gunea izango da Katakrak, egitasmoko kideek azaldu dutenez.

 

Iruñeko Alde Zaharraren bihotzean hasi ziren lanean La Hormiga Atomika liburu-dendako lagunak. Hiri erdigunetik, Iruñerriko eraldaketa sozialaren alde hasi ziren, saiakera liburuak eta hitzaldiak eskainiz. Gainera, kultura kritikoa lantzearekin batera, kafetegi zerbitzua zuten. “Apustu ausarta izan zen, baina denborak erakutsi digu horrelako leku bat beharrezkoa zela hirian” dio Amaia Martutenek.
Urteek aurrera egin ahala, inurritegi soziokulturala txiki geratu zen, eta, proiektuan sakontzeko, pentsatu zuten lekua handitzea izan zitekeela irtenbideetako bat. Dena den, eraldaketa prozesuarekin hasi aurretik, ideia berria mugimendu sozialei eta norbanakoei aurkeztu zieten, iritziak entzuteko: “Modu batean, proiektu hau lagun batek baino gehiagok egindako mailegu handiek ahalbidetu dute, auzo laguntza izan dugulako, eta jendeak diru dohaintzak eman dizkigulako” azaldu digu Petra Schlemek. Bi hilabetez aritu dira 300 lagun auzolanean eta crowdfunding bidez 32.491 € jaso dituzte.
Bi hilabete jo eta ke lanean eman ondoren, abenduaren 31n zabaldu zituzten ateak. Ekimenaren mutazioaren isla da gune berriaren izena: Katakrak. Hala ere, kanpoko azala aldatu arren, barneko mamiak berdina izaten jarraituko du; hau da, etxearen zutabeak izango dira disidentzia eta iraultza.
Oraingo eraikinak 700 metro koadro eta lau solairu ditu. Inurritegi zaharraren antzera, liburu-denda da ardatz nagusia, bi solairutan banatuta; orotara, 30.000 liburu ale ditu. “Aurrekoari jarraiki, % 60 baino gehiago da saiakera: besteak beste, feminismoa, ekologia, ekonomia, historia eta geopolitika dira eskaintzen ditugun sailak. Aldi berean, narratiba unibertsala ere badugu, geografikoki eta linguistikoki dago banatua” dio Schlemek. Eleberriekin batera, haur eta gazteentzako literatura dute, baita komikien saila ere.
Bigarren solairuan, berriz, batetik, filosofia (orain arte asko landu duten gaia), poesia, musika, artea, topologia, hezkuntza, psikologia, zinema eta komunikabideak lantzen dituzten liburuak dauzkate; bestetik, ikus-entzunezkoak eskaintzen dituzte: “Eguzki Bideoak-en dokumentalak saltzen ditugu, eta aurki Potemkin filmotekako lanak izanen ditugu alokairuan”.
Ostalaritza da bigarren ardatz nagusia. La Hormiga Atomikak kafetegia zuen; aitzitik, Katakrakek taberna eta jatetxea ditu. Jantokiari dagokionez, 60 lagunentzako lekua izanen dute, eta eguneko menua eskainiko dute. “Elikadura burujabetzan oreka” lortu nahi dute, gertuko produktuak eta ekologikoak eskainiz. “Bidezko merkataritzaren aldeko apustua egin genuen aurreko lokalean eta bide beretik jarraituko dugu hemen ere: bertako nekazariei emanen diegu lehentasuna, bitartekaririk gabe” dio Martutenek.
Hirugarren ardatza erabilera anitzeko aretoa da. Aurreko lokalean, 50 lagunentzako eserlekuak zituzten; orain, ordea, 200 sartzen dira. “Espazio honetan, hainbat mugimendutako jendea elkartzen da: erakusketak antolatzen dira, hitzaldiak, ikastaroak…” dio Martin Elizaldek.
Eskaintzen dituzten zerbitzuen antzera, lantaldea handitu egin da, eta kultur elkartea zena kooperatiba bihurtu da orain. “Langile kopurua hirukoiztu egin da, batzarretan parte hartzen dutenen kopurua bikoiztu, eta bileretan parte hartzen dugun ia gehienok egiten dugu lan Katakraken” azaldu digu Elizaldek.
“Aurten beteko dira 10 urte Euskal Jai eraitsi zela. Horrekin bukatu ziren Iruñean politikari eta aisiari lotuta zeuden lekuak, eta okupatuz funtzionatzen zutenak. Orain, eskualde honetan ezin da hori egin: halako lekuak izateko jabetzara jo behar da, epe ertainera iraunkorrak izango badira” azpimarratu du Schlemek.
Apurka-apurka, aurrera doaz inurriek hasi zuten bidean, ibilgailu berriaren laguntzarekin. “Ilusio handia dago. Lehen hilean bitan etortzen zena, orain astean bitan etortzen da, eta astean bitan etorri ohi zena, berriz, astean lautan etortzen da orain”. Eta, bukatzeko, zera nabarmendu dute: “Egunetik egunera ikusten ari gara Iruñerrian eraldaketa soziala nahi dutenen artean beharrezkoa zela gurea bezalako gune bat”. Zalantzarik gabe, kultura kritikoaren eskutik uste baino azkarrago beteko dira beren helburuak Iruñerrian.

 

kaxilda

Pentsamendua eta gorputza elikatzea du helburu Donostiako Amara Zaharrean dagoen Kaxilda liburu-dendak. Hala, liburu-denda eta jatetxea batzen ditu espazio berean. Are, elkargunea da Kaxilda, ekintza sozial, politiko, kultural eta artistikoan interesa duen orori irekitako topagunea. Esteban Zamora txiletarrarekin eta Dario Malventi italiarrarekin batera liburu-denda asoziatiboan lan egiten duen Joxean Arriola iruindarrak azaldu dizkigu Kaxildaren (Egia auzoko Casilda Mendez anarkista zenari egiten dio erreferentzia izenak) nondik-norakoak.


“Hitzaren ahalmenean sinesten dugu, liburuen ahalmenean” dio Arriolak. “Liburua egitasmoaren parte garrantzitsua da, baina elementu gehiagok mugiarazten dute proiektua. Garrantzia ematen diogu hirian eta inguruan gizarte-ekintzan diharduten norbanako eta taldeekin harremana izateari, lotune eta topaleku izan nahi dugu”. Hau da, pentsamendu kritikoa oinarri, ekitaldi artistiko, sozial, kultural eta politikoei irekitako bilgunea. Horren adibide garbia da euren jarduna: lehen urtebetean 100 bat ekitaldi antolatu zituzten. Beti ere, hainbat esparru landuta, liburu-dendako edukian islatzen denez. “Gure egitasmoa modu transbertsalean ulertzen dugu. Edukien aukera asko zabaltzen dugu: askotariko gaien hautaketa eduki nahi dugu. Jakina, badago nolabaiteko pentsamendu kritikoan oinarrituriko ildo politikoa, baina bere baitan hainbat arlo biltzen dituena: literatura, artea, mugimendu sozialak... Guztia batera doala uste dugu”. Horrenbestez, dendako edukia tentuz aukeratzen dute Kaxildan: “Leku eta balio gehiago ematen diogu ekoizpen alternatiboari, baina badira testu arras interesgarriak argitaratzen dituzten argitaletxe komertzialak, eta horiek mahai gainean ipintzeari ere ez diogu uko egiten”. Finean, sare komertzialean ia desagertzear den liburu-saltzailearen lanari balioa emanez, “guk geuk erabaki nahi dugu dendan zer dugun eta non ipintzen dugun”.
2012ko maiatzaren 24an zabaldu zuten Kaxilda. “Mota honetako beste zenbait liburu-dendaren esperientzia ikusita, proiektua erakargarria iruditu zitzaigun. Gainera, Donostian tankera bereko erreferentziarik ez zegoenez, ohartu ginen merkatu-nitxoa bazegoela” dio Arriolak. Arroka kalean zabaldu zuten, espazioa Kaskazuri jatetxearekin partekatuta. “Haiek ere lekua egin nahi zioten kultur arloari, beraz, bi egitasmook bat egin genuen. Nork bere esparrua kudeatuz, baina bat eginda eta elkar elikatuta”.
Bilboko Anti liburu-dendakoen, Iruñeko La Hormiga Atomikakoen eta Gasteizko Zapateneoaren aholku eta laguntza jaso zituzten proiektua martxan jarri aurretik. “Egitasmo sendoak dira, eta haien lana oso interesgarria iruditzen zitzaigunez, guk ere aurrera egitea erabaki genuen”. Krisi garaia izanik ere, berezkotasunak bidea egin dezakeela erakutsi die orain arteko jardunak: “Liburu-denda jeneralisten merkatua beherantz egiten ari den bitartean, gurea bezalako liburu-dendak dira salmentei eusten, edota horiek igotzen, ari diren bakarrak. Argitaletxe eta komertzialek ere aitortzen digute hori”. Hala ere, Arriolak ez du ukatzen bidea zaila dela. “Egungo egoeran, liburu-denda bat mantentzea ez da erraza. Baina ostalaritza atalak lagunduko digu ekonomia iraunkorragoa izaten. Horrek eusten dio egitasmoari. Izan ere, liburu-dendaren jardunak gorabehera handiak izaten ditu urte osoan”.
Era berean, euren lan esparrua zabaltzeko aukerei ere ez diete muzin egiten. Esaterako, azken hilabeteotan hainbat erakunde publikorekin ibili dira harremanetan, “liburutegi publiko, erakunde publiko eta antzekoak hornitzeko aukerak eskaintzeko”. Ildo horretan, Arteleku arte eta kultura garaikidearen zentroko mediatekako funtsak berreskuratzen aritu dira azkenaldian (duela bi urte pasatxo, uholde batek ia erabat hondatu zituen). “Iruditzen zaigu liburuaren inguruko gure lana zabaltzeko beste modu bat dela”.
Azken urte erdia bide berri horiek lantzeko abagune egokia izan dute. Izan ere, iazko uztailean, jatorrizko lokala utzi egin behar izan zuten, hirigintza proiektu bat tarteko, eraikina bota behar zutelako. Ordutik, Easo plazan dute behin-behineko lokala, jatorrizkotik oso gertu, baina txikiagoa. “Lokal zaharreko dinamika eten digu lekualdatzeak. Kafetegi eta jatetxeak ematen zigun mugimendurik ez dugu hemen. Lekurik ez dugunez, ez dugu ekitaldirik antolatu. Dena dela, leku honek ikusgarriago egin gaitu, eta, ondorioz, bezeroak irabazi ditugu”.
Haatik, maiatzean lokal berria, behin betikoa, zabaldu nahi dute, hori ere Arroka kalean. 150-160 metro koadroko gunea izango da, eta hasierako egitasmoari emango dio segida. Hots, liburu-denda, jatetxe eta kafetegia eta aurkezpen eta hitzaldietarako lekua batuko dituen gune irekia. Kudeaketan izango da aldaketarik, kooperatiba sortu eta gestio lan guztiak euren gain hartuko dituztelako; ez, ordea,mamian: ”Gogotsu gaude Kaxilda berriro ere topaleku bilakatzeko. Horretan sinesten baitugu: elkarrizketaren eta partekatzearen bidez sareak sortu behar dira, inbaditu gaituen kapitalismoari, neurri batean, aurre egiteko”.

anti

Bilboko Anti- liburu-dendak datorren hilean beteko ditu bederatzi urte zabalik Bilbo Zaharra auzoan. Bi bazkideren artean osatutako kooperatiba da, eta horietako bat da Javi Nevado (Gasteiz, 1977). Anti- “diskurtsoa” duen liburu-denda omen da, liburu funtsaren bidez bere ideologia erakusten duena.

 


Anti- kultura garaikidean oinarritzen da batez ere eta “eduki kritiko eta alternatiboak bilatuz” osatzen da bere liburu funtsa. Nevadok dio “beste liburu-denda batzuetan hainbat arrazoirengatik tokirik ez duten argitalpenak” dituztela, inoiz baino beharrezkoagoa baiteritzo jarrera zehatz bat hartzeari: “Batzuentzat deserosoak izan daitezkeen liburuak dauzkagu, baina beharrezkoak dira, xede baitugu jendeari edukiak ematea, errealitateari buruzko jarrera kritikoa har dezan, beti ere liburuen bidez”. Arte eta sormen garaikidea dira nagusi Anti-n, lau zutabetan banatuta: narratiba (nobela, komikia, haurrentzako liburuak), diseinu grafikoa (arkitektura, ilustrazioa...), artea (argazkigintza, zinema, musika...) eta pentsamendua (politika, filosofia, feminismoa, ekologia...).
Dena den, edukiengatik ez ezik, horiek eskuratzeko moduagatik ere berezia da Anti-: “Ez dugu banatzaileen esku uzten salduko dugunaren aukeraketa, geuk hautatzen ditugu gure dendan salgai egongo diren liburuak. Horrela sortzen dugu bezeroei eskaini nahi diegun diskurtso alternatiboa”. Ezin dute lanerako beste modurik irudikatu: “Saldu nahi dugun horretan inplikatu nahi dugu; denda arrunt bat edukitzeko, ez ginatekeen honetan hasiko”.
Aipatu inplikazioaren bila, gero eta harreman zuzenagoa dute argitaletxeekin, eta gero eta ahulagoa banatzaileekin. Anti- liburu-dendakoek beste leku batzuetan aurkitzen ez diren argitaletxeak bilatzen dituzte; aldi berean, argitaletxe horiek ere badute interesa Anti- bezalako dendetan, zaila delako eurentzat horrelako guneak aurkitzea. Ondorioz, desagertu egiten da banatzailearen bitartekaritza: “Bitartekariak lana ondo egiten badu, beharrezkoa da. Baina banatzaile gehienek ez dakite zer darabilten esku artean, ez dakite liburu-dendei argitaletxe bakoitzaren berezitasunak azaltzen. Horregatik jarduten dugu zuzenean argitaletxeekin. Ez dut zalantzan jartzen banatzaile guztien lana, baizik eta liburuak beste edozein produktu balira bezala saltzen dituztenena”.
Bezeroekin, berriz, identifikazio maila sakona lortzen ei dute: “Gure bezeroak proiektu txikiekin identifikatzen dira, estimatzen dute liburuen aukeraketa saltzaileak berak egitea, eta best sellerrak eta argitaletxe handien liburuak ez erabiltzea bizirauteko”. Harreman estua dute bezeroekin, askotan haien gustu eta premiak ezagutzen baitituzte: “Eta oso lagungarriak dira dendako liburu funtsa osatzeko, argitalpen asko eurek eskatu edota iradokita ekartzen dugulako”.
Argitalpenez gain, Anti- liburu-dendak kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak eta aurkezpenak antolatzen ditu dendan bertan: “Ez genuen nahi gune hau liburu salmentarako soilik izatea, inguruan ditugun kultur proposamenei bidea zabaldu nahi diegu. Hala, Anti- kultur erreferente bihurtu da Bilbon jende askorentzat”.
Nahiko balantze positiboa egiten du Nevadok bederatzi urteko ibilbideaz: “Hasiera zaila izan zen, tartean ere une gaitzak izan dira, oraingo krisia, kasu. Halere, zuzeneko salmentatik bizi gara eta horri eutsi egiten diogu, baita pixka bat igo ere. Gehiago eragin digute erakunde publikoen murrizketek, guk zortea izan dugun arren, bezero ditugun erakundeekin egiten dugun lana ez delako hain handia”.
Nevadok argi du etorkizuna Anti- bezalako liburu-dendena dela, “azalera handien edo haiek bezala funtzionatu nahi duten liburu-denden kaltetan. Horiek ez dute ezer ezberdinik eskaintzen eta ustez salgarriena dena saltzen saiatzen dira. Liburuak aukeratzen dituzten dendak, bezeroen eskarien kudeaketa pertsonalizatua egiten dutenak, espazio fisiko moduan ulertzen direnak... horiek dute etorkizuna”.