Harpea: posta txartelaz harago...

harpea

Posta txartela... Horrelako zerbait da Nafarroa bitan zatitzen duen mugaldeko Harpeako haitzuloa: irudia hain da ezaguna eta bertaratzen den jendea hain ugaria! Baita gehiegizkoa ere, egia erran, leku hartan lan egiten duten artzainek ondo baino hobeto dakiten bezala, haiek pairatzen baitute egoera. Alta, bisita egitea merezi du, betiere inguruak eta ingurukoak errespetatuz. Allande Sokarros.

Harpeara joateko erarik sanoena oinez litzateke, eta ibilbiderik ederrena Ezterenzubiko Beherobi auzotik abiatzen dena da. Autoa Errobiko iturburuen jatetxe (Restaurant des Sources de la Nive, frantsesez) inguruan utzita (330 m), Errozate mendi gailurrera daraman xendari jarraikitzen zaio, Gerezteiko bizkarreraino. Hor, eskuinaldera jo behar da, apurtxo bat behera eginez, Xubiñako zubixkara iristeko (746 m). Hortik aurrera, aldiz, bidezidorrak gorantz egiten du Harpeako mehaka edo meharguneko mendebaldeko mazelan, Errozateko errekatxoa ezkerraldean dugularik. Elhusaroko eta Harpeako artzain txabolen arteko bidexkarekin topo eginik eta ezkerralderako norabidea hartuta, Harpeako gaineko txabolara heltzen da berehalaxe. Hortik behera sartzen den xenda hertsiak Harpeako behereko artzain etxoletara eta kobazulora darama (870 m), bospasei minutuan. Ibilbide honek 620 metroko desnibela du goraka, baina bide berritik bueltatzean (gomendagarriena) desnibela 860 metrokoa bilakatzen da.
Nabarmen errazagoa da, bistan da, Organbide edo Urupileko mendatetik Harpeako gaineko txabolara autoz ailegaturik, leizera hamar bat minutuan baino gutxiagoan eraistea... xenda idor edo lehor izanda! Bidezidor maldatsu hori bustirik baldin bada, hobe arreta handiz eta emeki ibiltzea, xendari zehatz jarraikiz, ezkerraldera aldapa oso patartsua baita, beraz, bertara lerratzea guztiz arriskutsua litzateke. Mazela horretan sortzen den belar motari hüxtü-belharra esaten diogu Zuberoan, zeren eta ezpainetara ekarrita bertan ufatuz txistu egiten ahal baita!
Oso leku ederra da Harpeako haitzuloa, baita hango bazterrak ere, bi artzain txabola zaharrak eta harrizko murruz eginiko ardi korralea guztiz miresgarriak baitira. Harpeako gaineko txabolara hurbilduta, eta Ezterenzubiko herritik bertatik ere, hego-ekialdean, Errozate mendi txit dotorea (1347 m) ikusten da. Hegoaldean, pare-parean, Eskanta (1203 m) eta Mendizar (1323 m) mendi gailurrak ditu. Hego-mendebaldean, berriz, hurbilenik ageri den tontorra Saiarri (1121 m) da. Hiru kasko horiek modu goxo eta errazean zapa daitezke Organbideko lepotik (988 m) abiatuta. Mendate horretan, Elhursaro eta Harpeako artzain txaboletara eta Orbaizetara daramaten bideen sardetik hurbil, Irupileko iruinarriari agur eta ohore egitea komeni da. Brontze Aroko eraikin neolitikoak, bidetik hurbilegi dagoenez,  jende batzuen ergelkeria pairatu behar izan du behin baino gehiagotan, tamalez. Astia ukanez gero, eta autoz Arnoztegiko mendatetik (1236 m) igarota, Urkuluko erromatar dorrea ere (1419 m) bisita daiteke, joan-etorrian edo itzuli txikia eginda. Ibilbide oso erraza da, haurrekin egiteko gisakoa.


Bidea non, jendea (trumilka) han!
Ez da harritzekoa hainbeste jende hurbiltzea leku honetara, Ezterenzubiko Beherobitik gora eta Orioneko oihanetik pasatuta alde batetik Arnegira eta bestetik Orbaizetara deramaten bideak autoetarako egokituak baitira. Jakina, pentsatzekoa zen bezala, bidea non... jendea han! Harpeako artzainekin hizketan, erran digute uda partean ia egunero sekulako jendetza etortzen zaiela txabola ingurura eta autoak nonahi eta nolanahi uzten dituztela. Hala, behin baino gehiagotan gertatu izan zaie autoak txabolara hurbiltzea, edo artzainek bertatik alde egitea ezinezkoa izatea... Harpeako kobazuloaren ikustera joanak ziren ezaxola batzuek autoak traba egiten utziak zituztelakoz! Horrelako gertaerek argi erakusten dute turismoa eta bestelako jarduerak kontrajarrita izan daitezkeela. Hori dela eta, irakurleari aholka nahi nioke Harpeako haitzuloa bisitatzera joatea, baina, ahala izanez gero, maiatzaren erditsutik irailaren bukaerarako tartetik kanpo. Harpeako eta inguru haietako artzainek eskertuko lizukete...
Jakitekoak:
Non jan eta edan:
Karrikabürü (jabea jatorriz zuberotarra da) eta Andreinia taberna-jatetxeak, Ezterenzubiko herrian bertan. Pekoitz taberna-jatetxe-hotela, Iratirako bidean.
Errobiko iturburuetako taberna-jatetxe-hotela, Beherobi auzoan.
Izen kontuak:
Errobi ibaiaren iturburuak Beherobi auzoan kokatu ohi badira ere, seguru asko ez da zuzena edo zehatza, bertan Errobi ibaia bilakatzen diren hainbat errekaren azaleratzea baino ez baita. Zinezko iturbegiak Eskanta eta Mendizar mazelen inguruetan daude.
Ezterenzubi izena Ezteren hitzetik dator, zeinak arroila, haitzartea edo mehaka, hots, mendilerroen arteko pasarte estua, erran nahi duen. Halakorik ez da falta eskualde honetan!