Erresumako harririk bitxiena

erriberri

Taup-taup. Erresuma zaharraren bihotzak bizirik jarraitzen du. Konkistak 500 urte bete dituen arren, zutik eta tinko dago oraindik garaiko eraikinik ederrenetakoa, Erriberrin. Erdi Aroan errege-erreginen bizilekua, jauregiak bertako nahiz kanpoko bisitariei zabaltzen dizkie ateak, Nafarroako historian barrena murgil daitezen. Aukera paregabea uda honetan gure herriaren erraietara bidaiatzeko. Arkaitz Almortza Muro.

"Ziur naiz ez dagoela jauregi eta gaztelu ederragorik duen erregerik, ezta urre koloreko hainbeste gela duen eraikuntzarik ere”. XV. mendeko hitzak dira, Erriberriko errege-erreginen jauregiaz mintzo direnak. Garai hartan herritik igaro zen bidaiari alemaniar batek bildu zituen bere egunkarian (agiria Londresko British Museum-en dago), jauregiaren edertasuna ikusita aho bete hortz geratu ostean. Berba horiek ongi adierazten digute zer-nolako itxura izan zuen eraikinak Erdi Aroan.
Nafarroako eremu menditsuak eta Erriberako lur zabalek elkar besarkatzen duten lekuan dago Erriberri, lautada atsegin batean, Iruñea aldera ongi bideratuta. Hori dela eta, Erresuma Zaharreko agintarientzat toki aproposa izan zen beren jauregiak eraikitzeko. Antso Azkarrak, esaterako, XII. mendean eraiki zuen lehena, eta, mende batzuk geroago, Karlos III.ak eta Trastamarako Leonorrek altxatu zuten haiena, lehenaren gibelean eta Uxueko gazteluaren babespean. 1402an zabaldu zituen ateak. “Europako gorteen artean, garrantzitsuenetakoa izan zen” azaldu digu jauregiko gidari Katrin Setuainek. “Politikoki, urte lasaiak izan ziren haiek. Horregatik, kulturaren, arkitekturaren… gaineko interesa sustatu zuten errege-erreginek”. Hortik datorkio itxura jauregiari. Karlos III.a frantziarra zen jatorriz, eta sorterriak zuzeneko eragina izan zuen eraikinaren diseinuan, Frantziako estilo gotikoari jarraitu baitzion. “Agiri zaharren arabera, hiru bidaia egin zituen Frantziara, bere familiaren gazteluak ezagutzeko, eta handik ekartzen zituen ideiak, langileak eta artisauak”. Eraikuntza lanek 20 urte iraun zuten. 
Edertasuna ageri zen nonahi. “Jauregiko gauzarik bitxiena lorategiak ziren. Erdi Aroan, lorategiak jauregi barruan izatea ez zen ohikoena, baina Karlosek eta Leonorrek hiru izan zituzten. Are gehiago, lehen solairuan, erreginak bere lorategia izan zuen. Horretarako, harrizko arku ederrez osaturiko gela bat eraiki zuten azpian, lorategiari eusteko. Ura, berriz, uharka dorrean biltzen zuten, eta hodi batzuen bitartez bideratzen zuten lorategietara” dio Setuainek. Lorategiez gain, zoologikoa izan zuten harrizko harresien artean. “Jakin badakigu bertan urtxintxak zituztela, besteak beste, baita lehoi pare bat ere, arra eta emea, Marzot eta Mona izenekoak. Garai hartan, Europako gorteetan modan zegoen animalia exotikoak izatea. Afrikatik ostruka bat ekarri zuten, eta hegaztien patioa zuten, sare batekin estalirik, txori exotikoz beterik”. 
 
Erraietan barrena
Bostehun urte luze igaro diren arren, jauregiaren orduko edertasunak gaurko herritarrak liluratzen jarraitzen du. Bisita egiten hasi bezain pronto, Erdi Aroraino garraiatzen ditu bisitariak. Izan ere, harrizko eskailera kiribiletan gora eginda, eta begiak itxita, harginak lanean entzun daitezke. Era berean, harrietan hainbat ikur ikusten dira: zigiluak dira, langileek beren izena eta izana hilezkorrak izan zitezen zizelkatuak.
Eskaileretan gora eginda, erreginaren gelan sartuko da bisitaria. Parez pare, sua dago, urte askoan gela berotzeko lanetan ibili ostean merezitako atsedena hartzen ari dena. “Dekorazioa oso aberatsa zela badakigu. Zorua koloretako adreiluz estalita zegoen. Hormetan, berriz, zorutik 2 metrora zokaloak zituzten, eta hortik gora margoturik edo tapizez atondurik zeuden. Jakin badakigu, halaber, igeltsuzko irudiak zituela apaingarri; erreginaren gelan, aingeruak”. Gelak lorategirako zuzeneko sarbidea zuen. Ondoan, erregearen gela dago, handiagoa, zabalagoa eta galeria (balkoi antzekoa) eder baterako sarbidea duena. “Igeltsuzko korapilo zeltaz atondua zegoen gela hau, erregearen ikurraz, alegia” azaldu digu Guiarte enpresako langileak. “Logelak jauregi zaharrean zituzten, hemen bisitariak hartzen zituzten. Tamalez, dekorazioa guztiz desagertu zen. 1512ko konkistaren ostean, gazteluaren gainbehera hasi zen, eta, Independentzia Gerran, Espoz y Mina jeneral nafarrak sua eman zion jauregiari, 1813an, frantsesak ez zitezen bertan berrantola. Goitik behera kiskali zen”. Gaur egungo itxura 1937an hasitako zaharberritzearen ondorioa da.
Nolanahi ere, garaiko dekorazioaren zati batek sugarretatik ihes egitea lortu zuen, eta gaur egun Mudejar gelan dago ikusgai, bisitari guztiak txundituta uzteko prest. “Tuteratik etorritako langile musulmanek egin zuten (badakigu jauregian juduak, musulmanak eta kristauak bizi izan zirela). Apaingarrietan, Karlos III.aren bi intsignia daude: gaztainondoaren hostoa eta korapilo zelta. Oso eleberrizalea zen, batez ere fantasiazkoak zituen gustuko, eta Lancelot du Lac gogokoen, jatorri zelta zuena”. Orain, pandemiaren eraginez talde murriztuekin ari direnez, bisitariek badute gela honetan sartzea, lehen ez bezala, itxita baitzegoen.
Jauregiaren erraietan barrena ibili ostean, bisitariek maitasun handiz zaharberritu zituzten sei dorreak, zein baino zein ederragoa, ikusteko aukera izanen dute. Bakoitzak beren funtzioa zuen: “Lau haizeen dorrean, esaterako, errege-erreginek norgehiagokak ikusten zituzten. Hiru koroen dorrea, berriz, haien seme-alaben jolaslekua omen zen”. Dorreen arteko ikuspegiak ere maiteminduko ditu bisitariak, lur zabal amaigabeek zeruarekin bat egiten dutelako. Omenaldi dorreak, 40 metroko luzera duenak, Merindadeko lurrak zaintzen ditu.


Jakitekoak:
Koronabirusaren pandemiaren eraginez hiru hilabetez itxita egon ostean, jauregia ekainaren 12an zabaldu zuten berriro.
Segurtasun neurriak hartu dituzte, eta sar daitekeen lagun-kopurua asko zaintzen dute. Hori dela eta, sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, Internet bidez (http://guiartenavarra.com/PALACIO/), bai bisita gidatuetarako bai nork bere kasa bisitatzeko.
“Egoerak marraztuko digu bidea, baina gure asmoa da eskaintzen genituen zerbitzuak poliki-poliki berriro jartzea herritarren eskura: haurrentzako bisitak, bisita antzeztuak…”. Aukera paregabea, beraz, uda honetan zer izan ginen, nor garen eta nora joan nahi dugun hausnartzeko.