Ezkutukoaren esanahiak

zerain

Zerrategi zaharra, 1711. urteko kartzela, meategia, bolatokia… Zerainen, Goierri eskualdean (Gipuzkoa), hainbat sekreturen lekuko da gogoa beste garai batera eramaten digun paisaia. Asteburu bat paraje horietan pasatzeko proposamena dakarkizuegu, Aizkorri mendilerroaren magalean, kanpora ez ezik, barrura ere begiratzeko ingurune paregabean, hain zuzen. Maider del Olmo.

XIX. mendean eraiki zuten Higinio eta Santiago Alustiza anaiek Larraondoko zerrategi hidraulikoa, adimen handia erakusten duen eraikuntza: errekatxo baten indarrarekin argindarra sortzen du, eta hamar lanabes (denak batera) jartzen ditu martxan. Zerainen, Gipuzkoa barnealdean, dago zerrategia ikusgai, eta merezi du bisitatzea. Horrez gain, badira Goierri bailaran eta inguruetan beste hainbat bazter ikusgarri. Lerrootan, plana egiteko ideia batzuk dituzue.
Geure ibilaldia Zerainen hastea erabakiz gero, demagun larunbat goiz batez, behin zerrategia ikusita Aizpeako Burdinaren mendira, meatze gunera, joan gaitezke. XI. mendetik XX. mendearen erdialdera arte ustiatu zen bertan minerala. Monumentu multzoa dago han, zutik ikus ditzakegu instalazioak eta antzinako labeak. Joan den mendean, 1951n, zehazki, itzali ziren betiko labe horiek; hala eta guztiz ere, lekuak badu zer edo zer arraroa, bitxia. Izan ere, labeek bizirik dirudite, zerbait kontatu nahiko baligute bezala, ezkutuko istorioren bat edo.
Ez da gutxiagorako. Jakin badakigu, besteak beste, 1835ean gerrako presoak aritu zirela lanean meategi horietan. Ahalegin handirik egin gabe ere, bertan beharrean imajina ditzakegu, baldintzarik gogorrenetan. Gaur egun landa ingurune bikaina dena amesgaiztoa izan zen orduko langileentzat. Horren beste adibide bat Zeraingo espetxea da, 1711. urtekoa: “Bertan, Zeraingo meatze guneetan lan egitera behartuta zeuden presoek egiten zuten lo; gaur egun ikus ditzakegun eraztunak eta lokailuak presoak kateatzeko erabiltzen ziren” diote lekuaren egungo arduradunek.
Museo bilakatutako ziega horretan hezur-haragizko jendea egon zela irudikatzeko gai bagara, berehala sentituko dugu kanpora atera eta arnasa sakon hartzeko gogo eutsiezina, hango oin bilurrak eta beste ikusita.
Osteratxoa egiteko ordua da, edota bazkaltzekoa. Gauden tokian, Goierri eta Aralar Natur Parkeko ikuspegi ederrak ditugu. Ez berriki ikusi duguna ahazteko, ikusitakoaz ikasteko baizik. Bazkaritarako, Zeraingo ostatua bertan daukagu. Edozelan ere, inguruetan badira jatetxe gehiago, baina jana etxetik eramanez gero, kanpoaldean ere ederki egongo gara, eserlekuren batean naturaz gozatuz.

Segura, Erdi Aroko hiribildua
Arratsaldean, Segurara hurbil gaitezke, merezi du eta. Zerainen ondoan, Erdi Aroko Goierriko hiribilduetako bat da, eta orduko morfologiari eusten dio. Herri ederra da. Ez joan handik Ardixarra ikusi gabe: Euskal Herriko etxebizitzarik zaharrenetakoa da, XVI. mendekoa.
Nolanahi ere, Zerainen gustura bagaude eta bertan geratu nahi badugu, bolatokia, Olabide baserria, Jauregi etxea eta Aizpitta Adieraztegia bisita ditzakegu.
Igandean, mendi buelta egin dezakezue, ibilbide luzeak eta laburragoak dituzue aukeran. Lehenengoa, oso erraza, Lizarraustiko Parketxetik Aralarreko Natura Parkearen bihotzean dagoen Lareoko urtegira doa (6,8 km). Bigarren proposamena da Seguratik Zegamara joatea, oinez: bost kilometroko bidea da, laua, eta Aizkorri mendizerraren ikuspegi ezin hobeak izango ditugu ibilbidean zehar. Azkenik, hirugarren aukera: San Adriango tunelera pasieratxoa, Aldaolatik abiatuta (2,6 km). Aizkorri-Aratzeko Natura Parkean dago Erdi Aroko leku historiko hori, Europa eta Gaztela batzen zituen errege bideko toki ezaguna bera. Hara joanez gero, eraman jatekoa, Otzaurterako bidean dauden mahaietan egin dezakezue otordua.

Erdi Aroko eta Historiaurreko aztarnak

Aizkorri-Aratzeko Natura Parkean, San Adriango igarobidean, egingo diren indusketak bisitatzeko aukera izango da, uztailaren 18an eta 25ean. Indusketa arkeologiko horiek Aranzadi zientzia elkarteak egiten ditu. Aurtengoa XIII. edizioa izango da. Bisita gidatuen antolaketaz eta sustapenaz  Anduetza Parketxea arduratzen da. Parte hartzeko, izena eman behar da nahitaez:
943 80 21 87, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. . San Adriango igarobideak garrantzi historiko handia du, bertako indusketa lanek erakusten dutenez; besteak beste,  Erdi Aroko eta Historiaurreko aztarnak aurkitu dira bertan: zeramika puskak, hezurrak...


Zuhaitz magikoak

Sinesmen eta kondairaz beteriko Allekupeko basoan barrena, Aralarreko Natura Parkean, bisita gidatuak antolatzen dituzte Lizarraustiko Parketxetik. Ikazkinek eta kontrabandistek erabilitako bideetatik eramaten gaituzte Lizarraustiko paisaia ehundu duten zuhaitz magikoak izeneko ibilaldi horiek. Uztailaren erdialdean dute hurrengo hitzordua. Dena den, edozein une izan daiteke ona basoan sartu eta, gure kasa bada ere, bertako zuhaitzak ezagutzeko.