Urdaibai: abentura kirolarien buffeta

urdaibai

Eguraldia lagun, udaraz aparteko urtaroetan egin ezin ditugun ekintzetarako garaia da. Alabaina, bidaiekin eta herrietako jaietako parrandarekin lanpetuegi egon ohi gara, eta, askotan, alde batera uzten ditugu begien bistako aukerak. Aurten, ezingo dugunez ez bata ez bestea egin, ziurrenik, aisiako menua biribiltzeko osagarriak bilatu beharko ditugu. Bada, kirolariek oso eremu aproposa dute horretarako: Urdaibai, Bizkaiaren bihotzean. Iban Lantxo.

Urdaibai Oka ibaiak eta Gernikako itsasadarrak sorturiko padura da. Busturialdean dago, eta Euskal Herriko hezegunerik garrantzitsuena da. Zingiraz gain, ingurune natural ugari daude Urdaibain: mendiak, ibarrak, hondartzak, itsaslabarrak... Horrexek egiten du, hain justu, abentura kiroletarako toki ezin hobea.
Ezagut ditzagun hainbat aukera, itsasadarraren ubideari jarraikiz.
Bizikletaz eta oinez
Abiapuntua Mendatako Eleixalde auzoko harrera gunean kokatu dugu, Oka ibaiaren sorburu den Oiz menditik oso gertu. Bizikletaz ezagutuko dugu Omako harana, baina kontuz! Orografia gorabeheratsua duenez, mendiko bizikleta behar-beharrezkoa izango dugu zeharkaldirako.
BTT Euskadi webguneren abisua argia da: ibilbidea nahiko teknikoa da, oso gorabeheratsua, hasieran bereziki. Merezi du, hala ere, erakargarri turistiko apartak baititu: Olazarrako burdinola, Santimamiñe koba eta Montolan dorrea, besteak beste. Omako basoarekin bat egiten duen bide bat ere badu.
Bizikletaz ondo moldatzen ez direnek ubideari jarraitu besterik ez dute, Foruraino. Gune aldapatsuak atzean utzita, paseatzeko bazter ederrak topatuko ditugu Paduraren misterioak izeneko ibilbidean (Urdaibaiko webgune ofizialean hala dago izendatuta), eta egiatan plazera da misterio horiek gertutik ezagutzea. Zingira bete-betean sartzeaz gain, interes historikoko hainbat kontu ere ikusiko ditugu; esaterako, Foruko erromatar kokalekua, teileria zaharra eta Muruetako ontziralekua. Alta, adi egon: bidegurutze batzuk nahiko ezkutatuta daudenez, komeni da planoren bat eramatea. Autoa herrian bertan utz dezakegu, ibilbidea zirkularra baita.

Gernikako itsasadarrean behera
Bidezidorrak alde batera utzi eta uretara jauzi egiteko garaia heldu zaigu. Parean, Gernikako itsasadar zabala dugu, eta aukera ugari paduretan barrena ibiltzeko. Guk kanoaz egingo dugunez, egoki ikusi dugu Laida Kanoak enpresako Mikel Razkinengana (Bilbo) jotzea.
Jaitsiera Gautegiz-Arteaga udalerrian hasiko da. Ontzira igo aurretik, salbamendu jaka, neoprenoa, kanoa bera... ongi desinfektatuta egongo dira. “Lehen ere egiten genuen” dio Razkinek, “baina orain, ezer baino lehen, material guzti-guztia garbitu behar dugu, SARS-CoV-2 koronabirusa dela eta”. Helmuga Laidan dago, ibilbidea ez da zailtasun handikoa, eta edonork amai dezake 2-3 orduren buruan. Baldintza bakarra igeri egiten jakitea da, eta saria egundokoa: toki pribilegiatu batetik Urdaibaiko ingurune zoragarriaz gozatzea.

Busturialdeko kostaldean ohol gainean

Itsaso zabalean amaituko dugu ibilbidea, Mundakako itsasadarra atzean utzita. Hemen, Izaro uhartea parean dugularik, beste kirol bat praktikatu ahal izango dugu, azken boladan oso modan jarri dena: padelsurfa.
Horri buruz Kiroleroak enpresako Unai Eroa Telletxearekin (Bermeo) hitz egin dugu. Jaitsierak antolatzeaz gain, materiala ere alokatzen dute, Bermeo, Mundaka, Sukarrieta eta San Antonioko hondartzetan padelsurfean nor bere kasa aritzeko. Eroa ere gogoratu da pandemiarekin: “Krisiaren eragina basatia izan da, sasoiko enpresa bat izanda hiru hilabete galdu baititugu. Hala ere, dagoeneko ari gara betiko ordutegian lanean”.
Arraunarekin ondo moldatzen ez denak beti izango du surf tradizionalean egiteko aukera. Adinak eta mailak ez dute inporta; izan ere, Naiara Paul (Ibarrangelu) Laga Surf Campeko irakaslearen iritziz, pertsona orok goza dezake kirol honekin. Gainera, surflarientzat bereziki erakargarria da Urdaibai, munduko olaturik famatuenetako baten bizileku delako: Mundakako olatua.
Argi dago, beraz: abentura kirolen gose den edonork ase arte jan dezake Urdaibaiko menuko buffetean.

Jakin beharrekoak

Oso orografia gorabeheratsua eduki arren, Urdaibaira heltzeko garraiobide aukera handia dago:
Autoz: BI-631 eta BI-635 errepideetatik.
Autobusez: Gernika eta Bermeoraino. Irteerak Bilbo, Zornotza, Galdakao, Mungia, Bakio eta Lekeitiotik.
Trenez: Bermeoraino. Irteerak Bilbotik eta Donostiatik.
Itsasontziz: aisialdirako ontziak Bermeo, Mundaka eta Elantxoben amarra daitezke.
Urdaibaiko ingurunea, marearen mende dagoenez, oso aldakorra da. Hori dela eta, ez da harritzekoa trailetan markaturiko ibilbide eta bidegurutzeren bat ez topatzea, ordutik ordura agertzen eta desagertzen direlako. Horrek itsasadarreko zeharkaldian ere izan dezake eragina; hortaz, garrantzitsua da itsasgorak eta itsasbeherak kontuan izatea, korrontearen kontra arraun egiteko asmorik ez badugu, behintzat.
Informazio gehiago:
urdaibai.org, turismourdaibai.com/eu