“Gizarte mailan, pandemia bati aurre egiteko inportanteena da kultura zientifikoa zabalduta egotea”

galarraga

Ana Galarraga Aiestaran

Zientzia emakumea izan arren, hitzekin aritzen da egunero Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, 1970) zientzia komunikatzailea. Normala: jendeari munduaren funtzionamendua ulertaraztea da bere lana, eta, horretarako, eleak behar ditu. Elhuyar Fundazioko langile, kultur eragile eta ipuin-kontalari izanagatik, bere aurpegia azkenaldian COVID-19k eragindako krisiagatik egin zaigu ezagunagoa. Izan ere, beste batzuekin batera, koronabirusaren nondik norakoak dibulgatzeko ardura bere gain hartu du, eta eskura dituen bitarteko guztiez baliatzen da: egunkariak, telebista, sare sozialak... baita AIZU! aldizkaria ere, gurekin mintzatzeko hitzordua bere urtebetetze egunean egin behar izan badu ere. Iban Lantxo. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Lehenik eta behin, zorionak, eta eskerrik asko gurekin hitz egiteko tartea hartzeagatik. SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako anabasak lan-karga izugarria ekarriko zizuen zientzialarioi, ezta?
Zalantzarik gabe, baina bizi garen garaiotan ikusten da, hain zuzen, gure lana zer beharrezkoa den. Halere, penagarria da zientziaren garrantzia une zehatz bateko kontua besterik ez izatea batzuentzat. Administrazioek, esaterako, gure arloko inbertsioak urtetik urtera murriztu dituzte, eta orain, haien benetako beharra dagoenean, hutsunea oso agerikoa da. Horri gehitu behar zaio haien komunikazioa ez dela gardena izaten: krisiaren hasieran, adibidez, maskara nahikorik ez zegoela onartu beharrean, ez zirela beharrezkoak esan ziguten. Horrek guztiak izugarri zailtzen du jendeari benetan zer gertatzen ari den azaltzea. Lana bikoitza izan da, ez garelako zerotik hasi, minusetik baizik.
Hala ere, ez duzu etsi, eta egoera azaltzen saiatu zara hedabideetan, sare sozialetan... Agerraldi horien guztien ondorioz, euskaldunontzat erreferentzia izan zarela esan daiteke. Ez al da erantzukizun handiegia?
Izan naiteke erreferentea, baina beste batzuekin batera. Eta bai, egia da oso erantzukizun handia sentitu dudala, baina, esan dudan bezala, nire lana horixe da, hain justu. Bizitza osoa eman dut esaten zein garrantzitsua den gizartearentzat kultura zientifikoa edukitzea, eta orain ez badut erakusten, zertarako balio izan du? Nire ardura da, eta ezin diot ihes egin.
COVID-19 gaixotasunak izugarri handitu du zientziarekiko interesa, eta zientzialariak “lehen lerroan” jarri ditu. Dibulgazioaren beharra inoiz baino nabarmenago geratu da?
Gizarte mailan, pandemia bati aurre egiteko inportanteena da kultura zientifikoa zabalduta egotea. Esaterako, Alemaniako egoera bestelakoa izan da, neurri handi batean alemaniarrek kultura hori barneratua dutelako, hau da, zientzia eta osasuna zein garrantzitsuak diren ongi dakitelako. Horregatik egon dira gu baino askoz prestatuago lehenengo kolpeari aurre egiteko. Birusa ez zuten ezagutzen, guk bezala, baina haiek ez dira minusetik hasi, behintzat. Hemen bai, eta, gainera, hainbat gabezia ezkutatu nahian ibili dira. Hori ez da zilegi.
“Okerrena” igarota, makina bat jende atzera begiratzen eta pandemiaren kudeaketa aztertzen hasi da, eta ematen du hutsune handiak izan direla.
Horrelako krisi bati aurre egitea beti izaten da zaila, baina administrazioek hartu dituzten erabaki asko ez dira ikuspegi zientifikotik azaltzeko eta ulertzeko modukoak. Gainera, egiak ez direnak esaten ibili dira, eta, adibidez, Osakidetza munduko osasun sistema onena eta indartsuena balitz bezala saldu digute. Ez da huts egite bakarra izan: lehen aipatu dudan maskaren auzia ere badago, testen diagnostikoen gorabeherak, Espainiako Gobernuak indarrean jarritako arauen eta hemen moldatutakoen arteko kontraesanak... eta hori gutxi balitz bezala, pandemia betean hauteskunde batzuk ere antolatu dituzte. Herritarrek ez dute merezi egoera hau politikakeriarako erabiltzea. Halaber, zientzialaria naizen aldetik, une honetan ezin dut arrazoi bakar bat eman baieztatzeko uztailaren 1etik aurrera turismorako prest egongo garela.
Erabakiak erabaki, aste honetan bertan beste fase batean sartu gara (elkarrizketa ekainaren 9an egin genuen). Birusari dagokionez gizartearen pertzepziorako ere bada fase berria? Ez al da gehiegi murriztu arrisku sentsazioa?
Ez dakit nola egongo garen uztailerako, baina oraintxe bertan bai, erlaxatuegi gaude. Normala ere bada: gogorra izan da, gaizki pasatu dugu, eta, nolabait, atzean utzi eta aurrera egin besterik ez dugu nahi. Hala ere, birusaren transmisioa egonkortuta egonagatik, oso aktibo dago oraindik, eta erne segitu behar dugu. Ezin dugu ahaztu kurba oraindik ez dela puntu gorenera heldu hainbat herrialdetan, AEBetan eta Brasilen, kasu.
Hortaz, guztiz ezinezkoa da aurreikuspenik egitea.
Orain arte erabilitako eredu orokorrek ez digute balio horretarako, eta, aurreikuspenak egitekotan, soilik egin litezke faktore jakin batzuen gainean: kulturaren arabera (zer-nolako harremana izango dugun adinekoekin, adibidez), lege eta arauekin lotuak (konfinamendua errepikatuko den ala ez), eta farmakologia eta medikuntzaren arlokoak (txertorik izango den ala ez). Hala ere, iragarpen horiek oso baliagarriak zaizkigu zaintza sistema epidemiologiko eraginkorra ezartzeko, kasuak lehenbailehen antzeman ditzagun. Birusa gero eta gehiago ezagutzen dugunez, eta sistema prest badugu, espero dut bigarren olaturik ez gertatzea.
Honetatik guztitik ikasiko al dugu ezer? Aro berri baten atarian gaude?
Bada, ez. Gizateriak bizi izan ditu gauza okerragoak, eta ez gara aldatu.
Orduan, osasun langileak eta zientzialariak zaintzeko beharra haizeak eramango al du, balkoietako txaloak bezala?
Une honetan, mundu osoko gobernu kapitalista guztiak ez daude pandemia gehiago ekiditeko neurrietan pentsatzen, baizik eta ekonomia nola berpiztuko duten. Aurreko sistemako ekonomia, jakina, jada balio ez digula argi erakutsi duena, hain zuzen. Horrenbestez, ez dut uste ezer aldatuko denik. Ebidentziak baleude... baina ni zientzietakoa naiz, eta ez dut zantzurik ikusten.
Ezagunak dira haurrekin egiten dituzun dibulgazio saioak. Nola azaldu umeei egungoaren moduko egoera bereziak?
Hasteko, ezin ditugu tratatu arazoak ulertzeko ezgai balira bezala. Are gehiago, gauza askotan, helduok baino gehiago jabetzen dira gertatzen denaz, ez dutelako aurreiritzi eta bizipen baldintzatzailerik. Nola azaldu? Oso erraza: egoeraren berri benetan den bezala emanez. Azken batean, beren orain arteko bizitza etengabeko egokitzapena izan da.
Zientziak genero ikuspegia gehiago landu beharko lukeela esan izan duzu sarri, baita COVID-19ri dagokionez ere.
Bai, zeren eta, krisi guztietan bezala, generoarekin loturiko ezberdintasunak agerian geratu ez ezik, arrakala areagotu ere egiten baita. Telelana bultzatzerakoan, kasu, ez da kontuan hartu lehentasunezko aurrez aurreko lan gehienak (zaintza, dendak...) andreek egiten dituztela  eta, gainera, zerbitzu horietatik jende asko pasatzen dela. Gizonezkoen kasuan, telelanaren aukera zabalduago egoteaz gain, egiten dituzten aurrez aurreko lan gehienetan harreman-sarea askoz ere trinkoagoa da, beraz, ez dira hain erraz kutsatzen. Zer esanik ez abortuari buruz: hemen, konfinamenduan izandako nahi gabeko haurdunaldiak ezin izan dira eten, osasun zerbitzuetara jotzea ezinezkoa zelako; AEBetan, berriz, telefonoz errezetatu den botika bakarra abortibo bat izan da... Pentsa zenbaterainokoa den bortxa matxista.
Horrez gain, konfinamendua oso gaitza izan da heteroarautik at dagoen ororentzat.
Esparru horretan bai ez dela ezer egin. Pandemia geldiarazteko arau guztiak eraiki dira buruan sistema patriarkaleko betiko familia nuklearra izanda, eta hortik kanpo dagoen jende askorentzat pandemia drama hutsa izan da:  batzuek gurasoen etxera bueltatu behar izan dute, eta, ondorioz, armairura; beste batzuk babes emozional eta sexualik gabe geratu dira; transexual anitzek tratamendua eten behar izan dute...
Eta euskara? Hizkuntza gutxituek ere nozitu dute pandemia, eta atzerapauso larria izaten ari da osasun krisia euskararako, ez?
Eusko Jaurlaritzak azalpenak emateko jarri dituen pertsonek, komunikatzaile txarrak izateaz gain, ez zekiten ongi euskaraz. Gizartearekin partekaturiko informazioa, bestalde, gaztelaniazkoa izan da nagusiki, alde handiarekin. Bien bitartean, agintariek hau guztia naturalizatu dute, eta hedabideok egoera onartu dugu, nolabait. Honekin lotuta, haur askok euskararekin zuten harreman bakarra galdu dute, eskolara joateari utzi diotenean. Zorionez, alor horretan lan handia egin dute auzoetako eta herrietako zaintza taldeek, eta boluntarioak antolatu dira, adibidez, eskolako lanak egiten laguntzeko.
Elhuyar Fundazioaren hiztegia erreferentea da, eta Interneteko erabiliena. Mundua hankaz gora jartzen denean, pandemia bat datorrenean, esaterako,  terminologia berriaren beharra sortzen da. Halakoetan, nola jokatzen du Elhuyarrek gomendioak egiteko?
COVID-19ren kasuan, lehenengo mementotik zabaldu genituen izenak euskaraz, beste hizkuntza batzuetan baino askoz lehenago. Oinarrizko hiztegia ez ezik (maskara, konfinamendu...), hiztegi teknikoa ere proposatu genuen berehala, eta ni neu aritu naiz zientzia aholkulari.
Kultur eragilea zaren aldetik, Literaturiako kide, Idazleen Elkarteko batzordekide eta ipuin kontalaria, zer moduz daramazu pandemiak eragindako etenaldia?
Egoera konplikatua da. Askok diote kultura ezinbestekoa dela, baina gero, kontuak nahasten direnean, beti izaten da alde batera uzten den lehenengo gauza. Oso bidegabea iruditzen zait, konfinamenduan musika eta literatura izan direlako askorentzat salbamendu ohola, aurrera egiteko benetako heldulekuak. Horri gehitu behar zaio, jakina, egungo egoeran kultura kontsumitzeko ditugun zailtasunak. Bai, streaming-a hor dago, baina ez da gauza bera. Adibidez, itxialdian bideo bidezko ipuin kontaketak egin ditut, baina horrela ezin da gozatu saio horien onenaz: umeen ateraldiekin elkarri eragitea. Ea egoerak hobera egiten duen eta pixkanaka agertokietara itzultzen garen.

KOLKOTIK  

Zein da zure lan ibilbideko oroitzapenik politena? Elhuyar aldizkaria Rikardo Arregi sarietarako proposatu zutenekoa.
Larunbat gau baterako planik onena? Afaria, kontzertua eta parranda; eta ez du zertan larunbatean izan.
Zer ez da falta inoiz zure hozkailuan? Fruta frutaontzian.
Zerk ematen dizu beldurra? Sufrimenduak. Fisikoak eta psikikoak, nireak eta besteenak.
Eta poztasuna? Familiak, lagunek eta naturak.
Zerk ateratzen zaitu zure onetik? Bidegabekeriek.
Zerk ematen dizu lotsa? Beste pertsona batzuen ustez tontokeriak diren kontu batzuek.
Bizitzako plazer txiki bat? Itsasoa eta mendia, batez ere izoztuta badago.
Musikari edo musika talde bat? Petti, Ruper Ordorika... piloa!
Idazle bat? Beste pilo bat: Eider Rodriguez, Itxaro Borda, Karmele Jaio...
Eta zientzialari bat? Elhuyar aldizkariaren Ekinean atalean elkarrizketatzen ditudan neska ikertzaile gazteak.
Bi arrazoi euskara ikasteko? Bestelako mundu bat ezagutzeko eta gozatzeko.
Labur esanda, nolakoa da Ana Galarraga Aiestaran? Alaia, aktiboa, jakin-min handikoa eta oso gizartekoia.
Orduan, konfinamendua gogorra egingo zitzaizun. Familiaren babesak asko arindu du, baina egia da lagunen falta ikaragarri sumatu dudala. Eskerrak tresna digitalek asko lagundu didatela horrekin!