Umorea eta salaketa Hikaren ‘Tonbola’-n

tonbola

Europan bizirauteko tonbolak egiten dituen familia baten eta bere ahuntzaren ibilerei helduta, Tonbola kale ikuskizuna aurkeztu berri du Hika Teatroa konpainiak. Dantza, musika, testu lana, panpinen erabilera... diziplina ugari biltzen ditu, umorea eta salaketa uztartuta, lan honek,  “kaleko kabareta” bera,  eta mugek banatuta edota mugek baldintzatuta bizi direnen errealitateari erreparatzen dio. Aktoreen inprobisazioa oinarri, Agurtzane Intxaurragak sortu du, Benjamin Jimenezen Sueñan los peces con huelgas generales testua inspirazio iturri izanda. Intxaurragak berak zuzendua, Iñigo Aranburu, Eneko Gil, Miren Gojenola, Sandra Fdez. Agirre eta Maryse Urruty ditu aktore. Bazterkeria pairatzen duten hainbat kolektiborekin (etorkinak, adinekoak...) landu dute sormen prozesua, eta haiei ere ahotsa eman die lanak. Hartara, emanaldi bakoitzean kolektibo horietako kide batek parte hartzen du. Iragan uztailaren 4an estreinatu zuten Errenterian, eta aurrerantzean hainbat lekutan ikusi ahal izango da, betiere egungo segurtasun neurriak beteta: hilaren 15ean, Aretxabaletan; 22an, Arrigorriagan; 25ean, Villabonan; 26an, Zornotzan; abuztuaren 21ean, Hernanin; 25ean, Andoainen...


ILARGIA lehenengoz zapaldu zutenak ez ziren estatubatuarrak izan, Ray eta Nik aktoreak baizik. Halaxe diote Ray eta Nikek Xentimorik Gabe konpainiaren azken antzezlanean: Gu primer! 2010ean Xentimorik gabe lana aurkeztu zutenetik, konpainiaren laugarren lana da hau, eta, aurreko guztietan bezala, Ray eta Niken pasadizo xelebreak kontatzen dituzte Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreek, musika eta umorea nahasita. Oraingoan, baina, beste aktore bat gehitu zaie: Nerea Gorriti. Agirrek eta Egoitz Lasak idatzi dute lana, eta Asier Sotak zuzendu du. Maiatzaren erdialdean aurkeztu behar zuten, baina osasun krisialdiaren eraginez ekainaren 13an eskaini zuten aurreneko emanaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean.

LABURREAN

GASTEIZKO Oihaneder Euskararen Etxeak antolatuta, Kortxeak & Krispetak zikloaren seigarren aldia izango da uztailean. Asteazkenero, musikari eta musikariei buruzko dokumentalak eskainiko dituzte, Ortuño aretoan, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin: hilaren 1ean, Fermin Muguruzaren Beltza naiz; 8an, Seamus Murphyren A Dog Called Money; 15ean, Ethan Hawken Blaze; 22an, Kikol Grauren Los demenciales chicos acelerados; eta 29an, Asif Kapadiaren Amy. Zikloa amaitzeko, Ibil Bedi taldearen kontzertua izango da, hilaren 31n, Falerina lorategian. Pandemiaren osteko egoera berrira egokitzeko, edukiera mugatua izango dute ekitaldiek. Doakoak izango dira, baina aldez aurretik hartu beharko da gonbidapena.


bilbaoudaCOVID-19k sektoreari eragindako kalteak arindu nahian, Bilboko Udalak BilbaoUda 2020 ekimena antolatu du udako hiletarako, non  kulturari eta aisialdiari lotutako 150 ekitaldi baino gehiago eskainiko diren hirian: antzerkia, musika, literatura... Arte eszenikoei dagokienez, 64 emanaldi izango dira hiriko hainbat tokitan, uztailean eta abuztuan, 18 euskal konpainiaren eskutik: Hortzmuga Teatroa, Trapu Zaharra, Kukai, Markeliñe, Intujai Teatro, Goitibera... Eskaintza osoa eta egitarau zehatza bilbaokultura.eus atarian dago.