Iker Lauroba

laurobaItxialdi garaiko 3 disko aukeratu ditut:
Parentesiak. Maria Rivero, 2020.
Konfinamendua aro emankorra izan da, Maria Rivero horren adibide. Euskal Herrian, bera dugu musikari aktiboenetakoa; beti ibiltzen da gutxi jorraturiko bide berrietan zehar paseatzen. Lan honetan ere musika melodikoa du oinarri, beste guztietan bezala, baina beti izaten du arriskatzeko ausardia.
Guztiekin. Sonakay, 2020
Herri honetako musika mestizajearen adierazgarririk berezienetakoa. Flamenkoa dute oinarri, baina hainbat estilorekin nahasita. Musikari apartek hartu dute parte diskoan: Urko, Maria Berasarte, Iñaki Salvador, Ketama, Golden Apple Quartet, Omar González, Jose de Pasaia, Paco Suárez… Neuk ere haiekin aritzeko ohorea izan dut. Euskal kultura beste esparru batera daramate, inongo konplexurik gabe. Bejondeiela.
Caminando. Duo Jade, 2020
Itxialdi garaiko beste disko bat; kasu honetan, Kubatik etorria. Halere, bikoteak lotura handia du Euskal Herriarekin, urtero izaten baitugu gure artean kontzertuak eskaintzen. Izugarrizko talentua dute musika kubatar garaikidea (guajira, rumba, sona...) jorratzen duten bi lagun hauek. Horrela jo ohi dute, bikotea osatuta, gure inguruetan, baina disko hau beste ikuspegi batetik dago egina: talde formatuan grabatua eta oso konponketa landuekin.