Jazzaldia bai egingo da, eta nazioarteko musikariak ere ekarriko ditu

jazzaldia

Formatu txikiagoan eta egungo egoerara egokitua, Donostiako Jazzaldiaren 55. edizioa egin egingo da. Datak lehendik aurreikusitako berak dira (uztailaren 22tik 26ra), eta agertokiak Trinitate Plaza, Kursaal Auditorioa, Victoria Eugenia Antzokia eta San Telmo Museoa. Denetan, eserlekuak izendatuta egongo dira. Koronabirusaren krisia hasi aurreko egitarautik Marco Mezquida pianista eta Oreka TX taldea mantendu dira. Hala, programa berriak berritasun ugari dakartza: Iñaki Salvador, Jorge Pardo, Chano Domínguez, Perico Sambeat, Javier Colina, Josemi Carmona eta Chicuelo. Bestalde, Europako mugak uztailerako irekiko direnez, antolatzaileek uste dute Euskal Herritik eta Espainiako estatutik kanpoko musikariak ere ekarri ahal izango dituztela. Hainbat kontzertu daude hitzartuta dagoeneko, besteak beste Bugge Wesseltoft, Mariza, Lina_Raül Refree, Michel Portal, Salvador Sobral eta Bojan Z. Sarrerak jazzaldia.eus eta donostiakultura.eus webguneetan eros daitezke.


edateaEGIN LEKU! Horixe bera eskatu behar izaten dute musikari hasiberriek. Askotan, ez dute besterik behar: aukera xumea jendaurrean jotzen hasteko. Ideia horrekin, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Egin Leku! egitasmoa sortu du: musikari edo talde berriek eskaera eginda, Oihaneder saiatuko da Falerina tabernan jotzeko plaza bilatzen, igande arratsaldeetan. Izena emateko epea uztailaren 1etik 27ra izango da. Kontzertuak irailean hasiko dira, eta bi hilean behingo maiztasuna izango dute. Proiektua Oihanederren uda honetarako programazio bereziaren parte da (2020 udatea, egarria asetzeko kultur edatea).

 

 

ezpatadantzaEZPATADANTZA
Zazkel eta Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band
Autoekoizpena, 2019

Agertokietan elkar ezagutu, eta bat-batean maitemindu ziren Zazkel eta Aizkorak Zorroztu & TMWB taldeak. Harreman emankor horren fruitua Ezpatadantza da, 9 abestiz osaturiko split bilduma. Irabiagailuan, oso jatorri ezberdinetako erritmoak: bi taldeek miresten duten Negu Gorriaken soinua eta Raffaella Carràren estiloa, kasu. Bidean, Gorpuzkingz taldeko Zakil O’Nealekin jolasean egiteko parada ere badute, beste kolaborazio batzuen artean. Emaitza eklektikoa da, eta abestiak surrealista, umoretsu eta oso dantzagarriak.

irazokiEZ-NOSTALGIA
Joseba Irazoki
bIDEhUTS, 2019

Zu al zara? diskoa aurkezten zebilen Joseba Irazoki Ez-nostalgia: pieza instrumentalen bilduma plazaratu zuenean. Albumaren azpititulua gardena da: musikari beratarrak bere ibilbidean konposaturiko hainbat pieza instrumental biltzen ditu lan honek. 12 guztira, denak oso intimo eta onirikoak, pertsonalak bezain ederrak. Remasterizazioa Iñigo Irazokiren lana da, eta diseinua, berriz, Ramon Zabalegirena (azalaren irudia Josebarena berarena da.) Disko fisikoak oso edizio mugatua dauka (300 ale eskas), baina plataforma digitaletan ere lor daiteke.