1 Bechdel

paia

Hiru letratxu atalari heldu nionetik, hauxe da izkiriatzen dudan hamaikagarren testua. Aurreko hamarretan euskararen tasunak zerrendatzen saiatu naiz, eskuratzen ari zareten horren alde positiboa azpimarratu nahian, inguruko hizkuntzatzarren artean bertakoa ikastea hautatu duzuenoi. Euskarak badu hamaika bertute, baina niri atalaren noranzkoa aldatzeko sasoia heldu zait. Hurrengoetan gure mintzoari ez ezik, gure kulturari ere egin nahiko nioke ekarpenik, bata bestea gabe ezer ez delakoan.
Artikulu honen asmoa da Bechdel testaren erabilera proposatzea edozein bertso-saioko gaiak jartzerakoan. Bechdelen edo Wallaceren testa da film, komiki eta antzeko kultur produktuetan genero-arraila ebaluatzeko sistema; Alison Bechdel komikigilearen lagun Liz Wallacek sortu zuen metodoa eta 1985ean argitaratu zen. Testa gainditzen duten produktuek emakume eta gizonen arteko gutxieneko oreka bermatzen dute. Berme hori izateko, hauek dira testak eskatzen dituen baldintzak: 1) Produktuak gutxienez bi pertsonaia femenino ditu; 2) Pertsonaia horiek elkarri hitz egin behar diote uneren batean; 3) Elkarrizketa horrek gizonezkoez kanpoko gai baten ingurukoa behar du. Sinplea dirudi, ezta? Bada, harrigarria da hiru urrats erraz horiek betetzen ez dituzten lanen zerrenda: Star Wars, Harry Potter, Eraztunen jauna… Bada antzeko beste test bat Pottokina printzipioa izenekoa (kultur produktuan pertsonaia femenino bakarra jartzeko joerari buruzkoa), baina pentsatu nahi dut bertsolaritza gainditzen ari dela saioetan emakume bakarra jartzeko ohitura malapartatu hori. Bechdelek, ordea, ekarpen polita egin lezake bertso-saioetan. BECeko finalak, besteak beste, ez luke testa gaindituko: emakumeen arteko elkarrizketa bakarra, bi prostituten artekoa, gizonezko bezeroen ingurukoa izan zen. Hurrengo txapelketan, bego gizona gai ez den bi pertsonaia femeninoren arteko ofiziorik. Askok pentsatuko du bertsolariek erabakitzen dutela pertsonaia gehienen generoa, baina anbiguotasuna edo jendartearen joera androzentrista interbentzionismo handirik gabe zuzentzeko modua izan liteke Bechdel testa.