Arratia tropikala

amasuaAma sua
MG Banda
Egilea ekoizle, 2020

Duela hiru bat hilabete, Subsistak & Aggromondarrak taldearen lana ekarri genuen disko kutunen txoko honetara. Bada, oraingoan ere, jamaikar jatorriko erritmo gozo eta beroak dakarzkizuegu, ezohiko uda hau girotzeko aproposak. MG Banda Arratiatik dator (Bizkaia), 2006tik ari da gure artean reggae doinuak hedatzen, eta orain argitaratu duena bere laugarren lan luzea da: hamar hazbeteko binilo polita, bost abestiz osatua. Soinu samur, epel eta organikoa lortu dute MG Bandakoek lan honetan, beharbada xehetasunak ondo zaindu dituztelako (teklatuak, adibidez, edo flauta moldaketak), edo agian modu analogikoan grabatzeak horrelako abantailak dituelako. Nire gogokoenak: Akordetan zara, diskoari hasiera ematen diona, roots bibrazio horiekin, eta bigarren aldeko lehena, Emoten dau, gehienoi ezagun egingo zaigun istorio sinpatikoa kontatzen duena. Diskoa postaz saltzen ari dira E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidean, eta erosle guztiek oparia dute. Ez dakit zeren zain zaudeten.
Gotzon Hermosilla