‘Ganbila’ antzerki bildumaren bigarren labealdia aurkeztu dute

ganbila

Antzokiak fisikoki betetzeko zain gauden honetan, Ganbila antzerki bildumaren bigarren olatuko liburuak aurkeztu berri dituzte. Lehenengoa, Isiltasuna, Dxusturi Teatroa konpainiako Eneritz Artetxe Aranazen lana da, eta bi antzezlanez osaturik dago: Isiltasuna bera eta Karramarroa. Bigarrena, Mami Lebrun, Kepa Errastik idatzia da, eta 2016an estreinatu zuen Xake Produkzioak konpainiarekin batera. Amaitzeko, Galder Perezen Hiru geltoki lurrun dugu, hiru antzezlanez osaturiko antologia: Lurrun minez, Lau metrora eta Off the Record. Proiektuaren izenak ispilu ganbilei egiten die erreferentzia, eta, antolatzaileen hitzetan, oso metafora egokia da. Izan ere, “ispilu hauek, oro har, ikuspegi zabala izan nahi den egoeretan erabiltzen dira; hala ere, irudi deformatua ematen dute”. Bilduma EHAZE-Antzerkizale elkarteak eta Susa argitaletxeak bultzatu dute elkarlanean, Oier Guillan antzerkigileak koordinaturik. Urtero, sei antzerki liburu argitaratuko dira: udaberrian hiru eta udazkenean beste hiru.


zaldizoroZALDI ZORO, oglala siux tribuaren buruzagietako bat izan zen. Eleberri batean jasotzeko moduko bizitza izan zuen, eta horixe bera egin zuen, 1942. urtean, Mari Sandoz idazle eta historialari estatubatuarrak. Orain, ia 80 urte geroago, euskaldunok ere badugu pertsonaia historikoaren biografia dramatizatua irakurtzeko aukera, Aitor Fresnedo Gerrikagoitia portugaletetarrak euskarara ekarri baitu. Euskal presoa da Fresnedo, eta kartzelan burutu ditu, 5 urtean, itzulpen lanak. Liburua Ataramiñek argitaratu du.

 

 

 

enebaitanEne baitan bizi da
Maddi Ane Txoperena
Elkar, 2020

Amatxi Josefinaren bizipenen gibeletik abiatzen da Marie. Ez zaio erraza suertatuko, zeren bila dabilen ere ez dakielako. Halere, pixkanaka, Josefinaren gazte garaiko amets, pentsamendu eta bizi-minak jasoko ditu, kutxa batean gotorturiko oroitzapen zatiak balira bezala. Askotariko istorioak gurutzatzen dira eleberri honetan: Ipar Euskal Herriko emazteen errealitateak, amodio istorioak, familiarteko harreman korapilatsuak... Guztia etorkizunaren eta orainaren arteko zubi jolas batean.

argiantzaArgiantza
Pello Lizarralde
Erein, 2020

1982ko irailean gaude eta Ramon Beitia, hainbat zinema aretoren arduradun kudeatzailea, kontu ikuskaritza lanetan murgilduta dago. Irabaziak gero eta eskasagoak direla eta, Ramonen nagusi gazteak kontuak baino ez ditu buruan. Negozioaren gordina azaldu beharko dio gure kudeatzaileak lotsa gutxi eta eskrupulu gutxiagoko gazteari. Eleberriak agur egin nahi dio munduari begiratzeko modu bati, izate eta bizitzeko aldarte bati.