Zendabalitz

zendabalitzErika Elizegi
Elkar, 2019

B2

Kaletik doazen ezezagun guzti-guztiek haien bizi istorioak, kezkak, bizipozak eta abarrak dauzkatela esan zidan aitak umea nintzela. Gaur agerikoa dirudien arren, sekulako errebelazioa izan zen baieztapen hura niretzat, nire orduko mundua familiak eta eskolako lagunek baino ez zutelako eratzen, eta kaletik zihoazenak horixe baino ez zirelako, izaerarik gabeko gorputz ezezagunak. Baieztapen haren ondoren, barne bizitza gaineratu nion kaleko jendeari, eta gizartea zer den ulertzen hasi nintzen.
Erika Elizegiren lehenengo nobela honetan, hegazkin berean doazen hainbat pertsonaia ezagutuko ditugu, antzeko mailan ezagutu ere: nobela korala da, eta guztien artean osatzen duten hegazkineko komunitatea (nolabaiteko gizartea) ikusiko dugu. Izan ere, pertsonaien barne unibertsoa ezagutuko dugu, batetik, hegazkinaren azpiko munduan duten errealitatearen zatitxo bat edo bakoitzak ganbaran duen zoramenaren zertzeladaren bat, ez baita inor libratzen. Baina, bestetik, hegaldiko gainerakoen gainean dauzkaten usteak nahiz aurreiritziak eta haiekin eraikitzen dituzten harremanak ikusiko ditugu. Gizakion independentzia eta interdependentzia aurrez aurre, edo, hobeto esanda, eskutik helduta.
Nobela fresko, dibertigarri eta arina ekarri digu Elizegik, etxean konfinatuta nahiz hondartzan etzanda gustura irakurtzeko modukoa, bai horixe.
Alaitz Andreu