‘Lurgida’ aplikazioa, Euskal Herria beste modu batera ezagutzeko

lurgida

Lurraldea errespetatuko duen turismo iraunkorragoa bultzatzeko asmoz, Lurgida aplikazio turistikoa sortu du Udalbiltzak. Euskal Herriko ondare immateriala eta historia ezagutzeko hainbat ibilbide tematiko jasotzen ditu, baita ehunka udalerriri buruzko informazioa ere: ohiturak, jaiak, interesguneak... Era berean, furgoneta eta autokarabanei “ongi etorria” egiten dieten etxaldeak ere bildu ditu, helburu bikoitzarekin: batetik, bisitariek gaua emateko lekuak ezagutzea; bestetik, etxalde horietako ekoizleei beren produktuak ezagutzera emateko parada eskaintzea. Horrela, Km O kontsumoa sustatu nahi du Udalbiltzak, eta lehen sektoreari begirako sentsibilizazioa handitu. Barne turismoa sustatzea du helburu aplikazioak, baina barne bisitarientzat ez ezik, atzerritarrentzat ere bada. Hala, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez garatu dute aplikazioa, Android eta iOS gailuetarako. Webgunea ere badu: www.lurgida.eus. Aurrerantzean, edukiak gehituko dizkiote aplikazioari, eta Agenda atala sortzea ere aurreikusi dute.


botabaGAZTEEN ARTEAN lagunarteko euskarazko esamoldeen erabilera sustatzea helburu, Botaba egitasmoa martxan da. Labayru Fundazioak antolatzen du, eta laugarren edizio honetan berritasunak dakartza. Aurrekoetan bezala, Instagram izango du euskarri, baina orain arteko bideo-lehiaketa izaera alde batera utziko du. Horren ordez, ekimen jarraitua izango da, urtearen amaierara arte iraungo duena, eta bestelako bideak baliatuko ditu Euskal Esamoldeen Unibertsoa sortzeko. Hala, jolasaren bidez ezagutaraziko dituzte esamoldeak, eduki didaktikoez gain, Instagrameko @botabaunibertsoa kontuan egunean-egunean euskal esamoldeekin lotutako erronkak proposatuta: asmakizunak, hizki-zopak, hieroglifikoak... Hilean behin, gainera, zozketak egingo dituzte parte hartzaileen artean, eta, tarteka, baita lehiaketak ere, non sari bereziak banatuko dituzten. Era berean, euskaldun ezagunen kolaborazioa izango dute.

LABURREAN

UDA hastearekin batera, prest eta abian da AIZU! aldizkariaren Facebook orria, non, aldian-aldian, aldizkariko edukien berri zabalduko den. Helbide honetan dago: https://www.facebook.com/aizu.aldizkaria.


wikibiziWIKIBIZI EUSKAL HERRIA ekimena abiatu du euskarazko Wikipediak, pandemiak baldintzatutako udan Euskal Herria ezagutzeko proposamenak bildu dituen “Euskal Herriko lehen bidaia-gida irekia”. Herriak, ibilbideak... hainbat informazioren berri ematen du, eta jendeak aukera du ekarpenak egiteko. Hain zuzen, jendearen parte hartzea bultzatzeko, hiru argazki lehiaketa egingo dituzte udan. https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:WikiBizi helbidean ezagut daiteke egitasmoa.

gozatuEUSKARAZKO baliabide digitalak zabaltzeko, Gozatu Sarean Euskaraz bilduma osatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak: https://gozatusareaneuskaraz.eus. Jaurlaritzak berak inoiz sustatutako produktuak batzen ditu, eta, irailera bitartean, hainbat arlotako edukiak zabalduko ditu, faseka. Dagoeneko aisialdiari, kirolari eta kulturari lotutako edukiak zabaldu dituzte.