Sarea ez da errenta

Gero eta arrazoi gehiago, eta gero eta argiagoak, ikusten ditut Facebooketik korrika irten eta atzera ez begiratzeko. Facebook diodanean, Facebook bera, WhatsApp eta Instagram ere esan nahi dut. A! Eta Giphy ere bai. Duela aste gutxi batzuk iragarri zuen Zuckerbergek GIF irudi animatuak sortu eta partekatzeko plataforma ere erosi duela. Azken finean, GIFak oso bogan daude, eta ia aplikazio guztietan erabiltzen ditugu. Horrela, Giphy kontrolpean izanda, Facebooken jabeak etengabe beha dezake zer egiten dugun, bai bere aplikazioetan bai beste batzuetan.
Hori nahiko ez, eta ekainaren erdialdean bere ordainketa sistema estreinatu du Facebookek, WhatsApp bidez. Merkatari txikiei koronabirusaren osteko krisiari aurre egiten laguntzeko aitzakiaz, erabiltzaileek beren artean dirua bidali eta jasotzeko (dohainik) aukera zabaldu du (oraingoz, Brasilen bakarrik), edota WhatsApp Business erabiltzen duten saltokietan ordainketak egitekoa. Zalantza gutxi daukat sistemak arrakasta handia izango duela, orain arte Facebook, WhatsApp eta Instagramek arrakasta izateko adierazitako argudio berei helduta: “Hara, bai erosoa!”, “Hara, bai polita!”, “Hara, mundu guztiak erabiltzen du!”.
Baina Facebook ez da, inola ere, muturra gure diru-zorroan sartzen saiatzen ari den bakarra. Squarek, Twitterren atzean dagoen inbertsio funtsak, ordainketak online egiteko Verse delako enpresa erosi berri du. Espainia aldean sortutako enpresak zabalkunde handia du Europan, eta, erosleek azaldu dutenez, bikainki osatzen du ordainketa elektronikoa mundu osoan egin ahal izateko eratzen ari den mapa. Jakina eta aspaldikoa da Google, Samsung, Apple eta beste teknologia enpresa handi batzuk ere fitxak mugitzen ari direla finantza munduan sartzeko. Ordainketak kudeatu, maileguak eman,  eta, kasu batzuetan, beren moneta sortu ere sortu nahi dute, erabilerraztasun eta nonahikotasunaren izenean.
Imajinatzen duzue zer izango liratekeen bankuak mailegu bat emateko orduan gure nomina eta bankuko kontua ez ezik, gure interakzio sozialak, salerosketak, iritziak, elkarrizketa publiko eta pribatuak ere miatu ahal izango balituzte? Bada, orain pentsa hurrengo mailegua bankuari ez eta Facebooki eskatu behar izatea...

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/fblibra
Facebook Libra, Facebookek bere moneta sortzeko saiakera, Gorka Juliok ederki azalduta. Zorionez, badirudi jokaldia ez zaiola oso ondo atera... oraingoz.

https://labur.eus/paypal
PayPal ordainketa sistemaren gaineko jakingarriak, Consumer aldizkarian.

https://labur.eus/kripto
Aitor Zanduetaren azalpenak Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.