Serotonina eta pandemia

olasagarreJuanjo Olasagarre

Pandemiaren hasierako kinka hartan (zenbat luzatu den denboraren hautematea!), beldurrak hartuta, mundua alda zitekeela sinesten zuten artikulugileek, eta neuk haiekin batera. Zirt edo zart egiteko garaia zela azpimarratzen zuten, balioko zuela kapitalismoa atzean uzteko ez, agian, baina bai neoliberalismoaren doktrinaren oldarra apaltzeko, behintzat. Hala, fede handiz irakurri nituen Butler, Zizek eta Isabel Preciado filosofoen lanak, zeinetan krisia zeharkatu eta beste aldean aldaketa ageri baitzen.
Pandemiak aurrera egin ahala, eta hemen eta kanpoan makineriaren inertzia gelditzea ezinezkoa dela susmaturik, iruditzen zait larritasunean behar genituen ideia horiek gero eta gutxiago ageri direla egunkarietan, eta Gabriel Arestiren hura berrituta datorrela: infernua ez da existitzen ohitu egiten garelako eta, horrela, infernu izateari uzten diolako. Ohitu egin gara, eta mundu honek behar duen aldaketa, berriz ere, urruntzen ikusten ari gara.
Eta, hala ere, iruditzen zait zerbait geldituko dela hondoan: publikoarekiko atxikimendua eta munduari so egiteko begirada zorrotzagoa. Michel Houellebecq nobelista asko maite dut, eta bere liburu gehienekin gozatu egiten dut: Extension du domaine de la lutte, Plateforme, Les particules élémentaires, La possibilité d’une île, Sumission. Houellebecqen pertsonaiak kapitalismo berantiarreko klase ertaineko ziniko nihilistak dira, bakartiak eta bakartuak gehienak, salbatuko dituen fede baten irrikan batzuk, fede hori aurkitzeari dagokionez sinesgogorrak direla jakinik.
Itxialdi honetan, bere azken liburua irakurtzen ari naiz: Sérotonine. Pertsonaia, beste behin, ziniko nihilista da, adiskide aristokrata nekazari baten bidez Frantziako, Normandiako, nekazaritzaren gainbehera ikusten ari dena. Arazoa da lehen xamurtasunez ikusten nuen pertsonaia mota hori nazkagarria iruditu zaidala oraingoan, bere misoginia eta nihilismoan, nahiz eta jakin sakonean gizajo hutsa dela, Camille neska lagun ohiaren maitasuna behar baitu, salbatuko bada.
Oraindik ez dut bukatu liburua, beraz, ez dakit Michel Houellebecquek salbaziorik eskainiko dion bere pertsonaiari, bestelako aukerarik badela iradokiz edo. Ez badu hala egiten, ez diot barkatuko.