Nola arautuko zenuke abortua?

ikamika

Espainiako Gobernuak Abortuaren Legea aldatzeko egindako proposamenak kezka eta kritika ugari sortu du, emakumeen artean ez ezik, jendartearen zati handi batean ere. Izan ere, lege aurreproiektuak aurreikusten duenez, orain artekoak baino baldintza zorrotzagoak bete beharko dira Hego Euskal Herrian haurdunaldia eten ahal izateko: bortxaketaren biktima izanda edo haurdunaren osasun fisiko edo psikikoa arriskuan denean baino ezingo da abortatu, eta epe zehatzen barnean: lehen 12 asteetan eta lehen 22 asteetan, hurrenez hurren. Gainera, baldintza eta izapide gehiago bete beharko dira. Finean, horrela onartzen bada, egungoa baino murriztaileagoa izango da legea, arrunt atzerakoia, eta emakumeen eskubideak hutsaren pare utziko ditu. Zer iruditzen zaizu lege proposamena? Zuk nolako baldintzak jarriko zenituzke abortatu ahal izateko?
Astigarragako AEK-ko B2 mailako iluntzeko taldea

1. Arantza Munita eta Maria Ruiz de Gopegui

Maria eta biok ez gaude ados gobernuaren lege berriarekin, atzerakoia dela uste dugulako. Gainera, gure aburuz, lege berri horrekin emakumeen eskubideak murriztu egiten dira. Emakume bakoitza askea izan behar da bere aukera egiteko.

2. Sergio González

Emakumeek abortatu nahiko balute, hala egin beharko lukete. Gobernuak ezarritako arauekin ez nago batere ados. Emakume bakoitzak nahi duena egin beharko luke, bizitzako momentu bereziena baita.

3. Fran Armenteros

Gaur egungo jendarteak arlo guztiak arautu behar ditu eta gutxi bultzatzen du pertsona bakoitzaren ardura. Nork bere baldintzak jarri beharko ditu abortatu ahal izateko, norberaren kasuaren arabera.

4. Koke Amunarriz

Abortua emakumeen eskubidea da, beraz, bakoitzak bere bizia kudeatu behar du. Ez dut uste abortua egin behar duenak zaletasunagatik egingo duenik; agian ez da behar araurik.

5. Maitane Manchado eta Cristina García

Gure aburuz, lege proposamena oso gogorra da, emakumeen eskubideak hutsaren pare utziko dituelako. Guk arau batzuk jarriko genituzke: ama edo umea arriskuan egongo balitz, bortxaketa izango balitz edo umeak gaixotasuna izango balu.

6. Jose Maria Martin

Abortuaren legea beti izango da polemikoa. Legeak emakumeen eskubideak defendatu beharko lituzke; dena den, politikarien lehentasunak ez dira horiek.