Ateak zabaltzen

atea

Maskara musuan, tartea utzita eta eskuak ongi garbituta. Hala datorkigu bizitza, etxetik atera ostean. “Normaltasun berri” horretarantz goaz; batzuen ustez, azkarregi, eta beste batzuen iritziz, motelegi. Betiere arduraz jokatu behar dela ahaztu gabe, COVID-19ren lorratza beltza delako, eta geroa, berriz, asmatu ezinezkoa. Halere, egunerokotasunari heltzeko gogoa eta beharra handiak dira; pixkanaka, ari da berpizten. Jende gehiago karriketan, dendak eta zerbitzuak martxan...  Tartean, AEKren euskaltegiak. Itxialdian, sareari esker, euskara eskolak etxeetara iritsi dira. Orain, osasun neurri zorrotzak beteta zabaldu dituzte berriro ere ateak euskaltegiek, ororentzat eta orotarako: ikasturteari amaiera ikasgelan emateko, zalantzak argitzeko, lagunak agurtzeko, AIZU! jasotzeko, datorren ikasturterako aurrematrikula egiteko... baita udari begira jartzeko ere: euskara ikasten, hobetzen edota praktikatzen jarraitu nahi duenak izango du non eta nola, AEKren udako eskaintzari esker: egungo egoerara egokitutako eskaintza zabala. Normaltasun berria euskaldunagoa izan dadin.