Zinema

spazioaEspazioan grabatzekotan da Tom Cruise

Hollywoodeko izarra izanik, Lurrean nahikoa lekurik ez eta espaziora joateko asmoa du Tom Cruise aktoreak, antza denez. Hala iragarri du, bederen, Deadline agerkariak: garraio aeroespazialean jarduten duen Space X enpresarekin (Elon Musk handiki ezagunarena) eta NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziarekin lanean ari omen da,  aurki espazioan akziozko film bat egin ahal izateko. Eginez gero, espazioan filmaturiko fikziozko lehen pelikula izango da. Hastapenetan denez, oraingoz ez dute informazio askoz gehiagorik jakinarazi. Nolanahi ere, oihartzuna sortzeko balio izango die, zalantzarik gabe. Hau ez da Cruise espaziora bidali nahi izan duen lehen film proiektua, halere. Izan ere, James Cameron zinema zuzendariak azaldu izan duenez, duela ia hogei urte antzeko eskaintza egin zion Cruiseri. Orduan, ISS Nazioarteko Espazio Estazioan filmatzeko kontratua sinatu omen zuen Cameronek errusiarrekin, eta Cruiseri proposatu zion aktore nagusiaren rola. Egitasmo hura ezerezean geratu zen, ordea. Ikusi beharko da zertan amaitzen den oraingoa.