Himalaia

everestEverest mendia neurtuko dute, enegarrenez

Munduko mendirik altuena dela onartuta ere, Everesten garaiera eztabaida iturri da adituen artean. Egun, 8.848 metrokoa dela aitortzen da, baina askok zalantzan jartzen dute. Orain, Txinako topografo talde batek urtebete igaroko du Everesten, berriz neurtzeko. Martxotik dago Everesten oinarrian 53 topografoz osatutako taldea, eta tontorrera igotzeko asmoa ere badute. Mendia neurtzeko, satelite bidezko BeiDou-3 nabigazio sistema baliatuko dute. Txinatarrek eurek sorturiko sistema da, eta estatu batuarren GPS, errusiarren Glonass eta europarren Galileo sistemak baino zehatzagoa dela diote. Askotan neurtu izan den mendia da Everest. Lehen neurketak britainiarrek egin zituzten, XIX. mendean (hain zuzen, George Everest topografoaren omenez ipini zioten izen hori britainiarrek, 1865an).1856an, 8.840 metroko altuera zuela zehaztu zuen Radhanath Sikdarrek. Orduan izendatu zuten munduko mendirik altuena. Harrezkeroztik, neurketa gehiago izan ditu. Esaterako, 1955ean ezarri zuen egungo altuera Indiako espedizio batek. Halere, polemikak ez ziren amaitu. XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran, zer neurtu behar zen izan zen eztabaidagai: zenbait herrialdek mendiaren arroka zatia hartzen zuten irizpide nagusi, Txinak, esaterako; beste batzuek tontorrean pilatutako elur eta izotza, Nepalek, kasu.  Azkenean, Txinak eta Nepalek adostu zuten 8.848 metrokoa zela altuera ofiziala, baina Nepalek onartu zuen arrokazko tontorra 8.840 metrora zegoela. 2015eko lurrikara batek mendiaren altuerari eragin ziola susmatuta, Nepalek neurketa gehiago egin zituen, 2017tik 2019ra, baina emaitzak ez ditu jakinarazi. Beraz, batzuen eta besteen neurketekin, baliteke aurki berriz ika-mika sortzea.