Txina

txinaAtzerriko eraikin ospetsuak imitatzeko debekua

Eiffel Dorrea, AEBetako Etxe Zuria, Gizako Esfingea, Veneziako kanalak... nazioarteko eraikin aski ezagunok beren jatorrizko herrialdeetan ez ezik, Txinan ere bisita daitezke. Izan ere, azken urteotan, hango garapen ekonomikoa eta, aldi berean, hiriak handitu ahala, izugarri ugaritu dira eraikin entzutetsuen imitazioak. Maila ertaineko hirietan eraiki dituzte, batik bat; mordoa, gainera. Haien kalitatea eta edertasuna beste kontu bat dira, asko kaskar askoak baitira. Halere, herritarrek oso gustukoak zituzten atzerriko eraikin historikoen edota herrien imitazioak, antza. Orain, ordea, Txinako Gobernuak halako gehiago eraiki daitezen eragotzi nahi du, eta atzerriko ereduak plagiatu, imitatu edota kopiatzen dituzten eraikinak debekatzea erabaki du. Horien ordez, tokiko diseinuak sustatu nahi dituzte, horrela herrialdeko kultura erakutsi edota islatzeko. Finean, eraikinek tokian tokiko kulturaren ezaugarriak jasotzea nahi dute. Kopia faltsuak debekatzeaz gain, etxe orratzen luzera ere mugatuko du Txinako Gobernuak. Halakoak ere erruz altxatu dituzte azken urteotan, baina hemendik aurrera muga izango dute: gehienez, 500 metro luze izan beharko dute.