Hedabideak

tokikomTokiko komunikabideek galera handiak aurreikusi dituzte, osasun larrialdiaren eraginez

Osasun larrialdiak argi-ilunak ekarri dizkigu euskarazko hedabideoi. Batetik, gure argitalpenen kontsumoa nabarmen hazi da azken bi hilabeteetan, batez ere Interneten. Haatik, ekonomikoki kolpe handia jaso dugu, gure diru-sarreren zutabe nagusietako bat, publizitatea, nabarmen murriztu delako. Tokiko hedabideei ere antzera gertatu zaie, eta epe laburrean izango dituzten galerak aurreikusi dituzte. Tokikom toki komunikabideen bateraguneak bazkide dituen 25 entitateen artean kalkulatu dute abuztura bitartean 2,5 milioi euroko galera izango dutela, nagusiki publizitatearen fakturazioak izandako beherakadagatik, baina baita bestelako komunikazio zerbitzuak gutxitu egin direlako ere. Tokikomen arabera, tokiko komunikabideen fakturazioa % 72 murriztuko da martxotik abuztura, eta, hainbat kasutan, % 80. Gainera, Tokikomeko presidente Jone Guenetxeak Goiena.eus-en adierazi duenez, “irailetik aurrera ez dakigu zer gertatuko den, baina ez gara oso baikorrak”. Azken asteotan lan handia egiten ari dira tokiko komunikabideak, gainerako euskarazko komunikabideon antzera, askotan ohi baino gehiago ahaleginduz eta lan karga handiagoarekin, bizi izaten ari garen egoera arraroaren eraginez. Izan ere, eta beste sektore asko bezala, ataka gaiztoan jarri gaitu osasun larrialdiak. Ondorioz, erakunde publikoen babesa, besteak beste, funtsezkoa izango da aurrerantzean ere, dirulaguntzei eutsita; baita hedabide hauek kontsumitzen dituzten herritarrena ere, jakina, ez baita ahaztu behar komunikabideon lana funtsezkoa dela bai euskararen normalizaziorako bai herritarrei informazioa bermatzeko.