Kultura

kulturaKultur ekimenei eusteko eskatu dute ekoizpen zerbitzuetako enpresek

#ezgaitzazubertanbeherautzi lelopean, alarma egoerak haien jarduerari eragindako kaltea ezagutarazi dute kultur ekoizpen zerbitzuetako 80 enpresak, eta kultur eta aisialdi ekoizpenei eusteko eskatu, betiere osasun larrialdia aintzat hartuta. Hots, halako ekitaldiak bertan behera utzi ordez, egungo egoerara egokitzeko eskaera egin dute, ekitaldirik ezean, enpresak ixteko arriskua izango dutelako. “Ez dugu aparteko laguntzarik eskatzen, ezta partida berezirik ere, baizik eta kultura eta jaietarako aurrekontuak hutsik ez uzteko. Gure lana edukiera mugatuko ekoizpenetara doitzea proposatzen dugu, ekoizpen deszentralizatuak egitea, eta, aukera gisa, bertoko eta inguruko artistekin lan egitea”. Hala, erakundeei eskatu diete edozein neurri hartu aurretik haiekin hitz egiteko: “Gure lan egoerari aurre egiteko plan bat diseina daiteke, eta, aldi berean, denon artean auzolan espirituan oinarrituriko sare bat sortu”. Izan ere, idatzian jakinarazi dutenez, osasun krisia hasi zenetik ez dute inolako lanik egin, eta geroa kolokan dute, are gehiago kontuan hartuta “sektoreko enpresa gehienak udaberriko eta udako” lanetatik bizi direla. Finean, kultura eta aisialdi ekoizpenak programatzeko eta egiteko beste modu bat posible dela aldarrikatu dute, herritarren premiei berdin erantzungo diena.