Animaziozko filmak

ghibliGhibli museo hermetikoak ate birtualak zabaldu ditu

Magia airean dago munduko hainbat lekutan, eta horietako bat Ghibli museoa da (Mitaka, Japonia).  Eraikina berezia da oso: basoan erabat txertaturik, eskailera, beirate eta estatuen forma bereziek maitagarrien ipuinetatik aterata daudela dirudite. Teilatuan, Gaztelua zeruan filmeko robota dauka. Ghibli estudioen animaziozko pelikulen zaleek ongi ezagutzen dute museoaren berezitasuna, baita bere hermetismoa ere: sarrerak lortzea oso zaila da (hiru hilabete lehenago erosi behar izateaz gain, berehala agortzen dira), eta barruan argazkiak ateratzea erabat galarazita dago. Orain, COVID-19ren ondorioz, museoa itxi behar izan dute. Alabaina, paradoxikoki, egoera honetan egoki ikusi dute sustatzaileek museko ate eta leihoak gehiago zabaltzea, era birtualean bada ere. Hala, Ghibliren YouTubeko kanalean, hainbat bideo labur paratu dituzte, aproposak benetako bisita nolakoa litzatekeen imajinatzeko. Beraz, Totoro auzokidea eta Chihiroren bidaia filmak, adibidez, gustuko badituzu, ez galdu aukera eta murgildu mundu bitxi honetan.