Udan euskara ikasteko eskaintza zabala egingo du AEK-k

udaKoronabirusaren krisia gorabehera, AEK-k euskara ikasteko eskaintza zabala egingo du uda honetan.
Alde batetik, ohiko aurrez aurreko ikastaroak egiteko aukera egongo da, bai 80-100 ordu bitartekoak bai azterketak prestatzeko 30 ordukoak. Jakina, denetan osasuna bermatzeko segurtasun neurriak ezarriko dira. Adibidez, 2 metroko gutxieneko distantziari eusteko zailtasuna baldin badago, ikasleak hainbat gelatan banatuko dira; edo batzuk eta besteak eskoletara egun ezberdinetan joateko aukera ezarriko da, jarduna telelanaren bidez osatuta.
Halaber, online eskolak, tutoretzetan oinarritutako autoikaskuntza eta jardun biko ikastaroak ere eskainiko dira. Aukera horietan, idazmena, entzumena eta irakurmena lantzeaz gain, mintzamen saioak ere egingo dira, bideokonferentzia bidez, egoerak hala eskatuko balu.
Bestalde, ezohiko egoeraren ondorioz eta segurtasun baldintzak bermatzeko zailtasunak egongo direla aurreikusita, udako barnetegiak eta ibiltariak bertan behera geratuko dira.
Eskaintzaren gaineko informazio zehatza (egutegia, prezioak, etab.) www.aek.eus webgunean dago.