Osasun krisia atzerapauso larria izaten ari da euskararako

gaubekaAgurne Gaubeka
Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren zuzendaria

2019ko irailetik, Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren zuzendaria da Gaubeka (Bermeo, 1984), ardura horretan ia hamar urtez aritu izan den Garbiñe Petriatiren lekua hartuta. Lan Zientzietan eta Lan Harremanetan lizentziaduna da, Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean, hurrenez hurren. Sindikalgintzan aritu izan da orain arte, Euskal Herrian eta Katalunian, eta feminismoan ere bidea egindakoa da.

Ziklo berria hasi du Behatokiak. Zein ezaugarri izango ditu?
Hizkuntza eskubideak oinarrizko eskubideen gaineko kontzientziazioan txertatzea.
Feminismoaren eta sindikatuen arloan aritu izan zara. Eskarmentu horrek eragingo al du zure oraingo jardunean?
Hizkuntza eskubideak ere herritarren eskubideen eta jendartearen berdintasun eta ongizatearen defentsan kokatzen ditut, askotariko zapalkuntzetatik eratorritako egoeren kontra egite horretan.
Alarma egoeran, euskara are baztertuago. Euskaldunontzat ez dago larrialdirik?
Frantsesa eta gaztelania erabili dira gehienbat alarma egoerari buruzko mezu garrantzitsuenak helarazteko. Euskaldunok gertutasunik eza eta kontuan izaten ez gaituztela sentitu dugu. Larrialdiko mezuen garrantziagatik, bereziki zaindu behar zen euskarazko komunikazioa.
Osasun krisia atzerapauso larria izango da euskararako?
Dagoeneko izaten ari da, eta aurrerantzean zenbait hausnarketa eta neurri zehaztea eragin beharko luke. Euskarari prestigioa eman behar diogu gure bizitzetan, eta, horretarako, oztopoak gainditu ahal izateko erabakiak hartu behar dira.
2019an, 737 kexa jaso zituen Behatokiak. 2020an gehiago jasoko dituzue?
Hala ematen du, baina kexa kopuruaren bilakaera hartzen diren neurrien eta herritarren kemenaren araberakoa ere bada. Askotan, kexa gutxi izateak ez du esan nahi hizkuntza eskubideak urratu ez direnik; hori da, adibidez, Ipar Euskal Herriko kasua.
Nafarroako egoera, bereziki kezkagarria?
Bai, Nafarroan izan diren edo izan daitezkeen atzerapausoekin kezkatuta gaude. Nafarroako Euskararen Legea oztopo handia da aurrera egiteko, baina egin ditzakegun urrats gutxi horiek ezin baditugu egin... Arduratuta gaude horrek etorkizunean eragin ditzakeen kalteekin.  
Euskarafobiak txertorik ba al du?
Herritarren bultzada eta norbanako zein gizarte eragileen konpromisoa behar-beharrezkoak izango dira horri aurre egiteko, hizkuntza eskubideek jendarte demokratikoen oinarrian egon behar dutela ikustarazteko.
Herritarroi kostatu egiten zaigu hizkuntza eskubideen urraketak salatzea?
Egunerokoak euskaraz egiten saiatzeko konpromisoa hartzea bada apustua egitea, baina oztopo guztiak eta sortzen dizkiguten albo-kalteak ikusirik, normala da jendeak ez helaraztea pairatzen dituen urraketa guztiak. Badakigu nekagarria dela. Dena den, herritarrek dute egoera aldatzeko giltza, eta gure eguneroko jardunak hori erakusten du.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Besarkadek.
Eta tristatu? Berekoikeriek.
Zerk eragiten dizu barrea? Amaren kontuek.
Eta negarra? Munduko egoerek.
Zerk haserrearazten zaitu? Zapalkuntzek.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Matxismoak.
Bizio bat: Ogia, glutenik gabe.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Arkeologoa.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Bankaria edo polizia.
Liburu bat: Emakumeak, arraza eta klasea, Angela Davisena.
Disko bat: Morphina, Zea Maysena.
Oporretarako toki bat: Alpeak.
Eñaut Mitxelena