Bueltan

testi

Osasun larrialdiaren unerik gogorrenak gaindituta, oraingoz, eta konfinamendua arindu ahala, koronabirusak hustutako kaleetan bueltan da bizitza. Besteak beste, orain artean itxita egon diren hainbat negoziok berriro zabaldu ahal izan dituzte ateak. Azkenekoz irekita egon zirenetik, baina, asko aldatu da ia dena. Kutsatzeak saihesteko, baldintza zorrotzak bete behar dituzte: higiene eta desinfekzioa, pertsonen arteko tartea, babes-neurriak... Ohikoak zirenak modu ezohikoan egiteko egokitzen ari dira, edo egokitu dira, bizi dugun egoeran zerbitzuak berme osoz eskaintzeko eta bi hilabetez geldirik izan dituzten negozioak berriz martxan jartzeko. Maskarak, jende ilarak, zalantzak, beldurrak... elementu ugari nahasi dira itzuleran; tartean, premia: ekonomikoki jasotako kolpeari erantzuteko eta egunerokotasunari heltzekoa. Egunotan nola moldatu diren jakiteko, hiru testigantza jaso ditugu ondorengo orrialdeetan. Txomin L. Aramaio, Arkaitz Almortza Muro, Esti Lanao.

masaje“Lana egiteko moduagatik, gure lan bolumena erdira murriztu da, eta ez jenderik ez dagoelako”

Sara Sarasketa Zabala (Ondarroa, 1983) fisioterapeuta eta osteopata da. Zaragozan (Aragoi) egin zituen ikasketak, eta hamabost urte daramatza lanean; horietatik hamaika Ondarroako Osatu fisioterapia zentroan. Itxialdian, zentroa zarratu behar izan zuten. Hiru behargin daude Osatun, eta egunotan lanerako buelta atondu eta lehenengo bezeroak artatzen hasiak dira. Hori bai, ez lehen bezala.

Alarma egoera hasteaz batera itxi zuten, martxoaren 14an. Izan ere, argi zeukaten horrela lan egitea arriskutsua izan zitekeela. Zazpi astez egon dira itxita. Maiatzaren 3an, Fisioterapeuten Elkargoak mezua bidali zien: lanera itzul zitezkeen. Ordurako, zentroaren arduradun Nagore Basterrak pentsatua zuen nola antolatu eta bideratu guztia. “Zentroko hiru langileok batzarra egin ostean, lanerako protokoloa abiatu genuen: txandak zelan egin, pazienteak nola artatu edota garbitasuna”, azaldu du Sarasketak.
Elkargoak materiala eman die, eta zentroaren arduradunak bideratuak ditu egin beharreko erosketak: eskularruak, maskarak (FFP2) eta gel desinfektatzailea. Horrekin guztiarekin eta protokolo berriari jarraikiz, lehen aste bietan larrialdiak baino ez dituzte hartuko: gerriko mina, ziatika, orkatila bihurritua...
Sarasketak aitortu duenez, “pertsona batzuk beldurtuta daude, eta ez dute etorri nahi”. Itxialdiagatik egin gabe zituzten txandak egiten hasi dira, baita agenda betetzen ere, pixkanaka; orain arte, lagun gutxi etorri omen dira. “Askok eta askok benetako premia dutenak artatzeko eskatu digute, beraiek presarik ez dutela esanez”. Oro har, jendea lasai ei dago, eta erantzun ona izaten ari dira.
Fisioterapeutak osasun-arloko langileak direnez, dagozkien neurriak hartu behar dituzte: “Pazientearen eta gure artean ezinezkoa da 2 metroko distantzia izatea, beraz, bestelako neurriak hartu behar ditugu. Gure helburua da inor ez kutsatzea, ez bezeroak ez gu geu”. Hala, oso neurri zorrotzak ezarri dituzte. Besteak beste, amantala janzten dute, buzoarekin ezin dutelako lan egin. “Nagoreren amak egin dizkigu batzuk, iragazgaitzak eta desinfektatzeko errazak”. Horrez gain, betaurrekoak, maskara bi (FFP2 eta kirurgikoa) eta eskularruak izaten dituzte soinean. Halaber, eskularruak jantzita eman behar dituzte masajeak. “Nik neuk nahiago dut miaketa eskuekin egin eta gero eskuak ondo garbitu. Gure begiak eskuak dira. Ondoren, eskularruak jantzi eta masajea eman”. Pazienteek ere maskara jantzita egon behar dute, eta eskuak garbitu behar dituzte.
Lehen, toallak erabiltzen zituzten lanerako, baina orain ez. “Behin erabili eta botatzeko materialarekin lan egin behar dugu orain. Halere, toalla gutxi batzuk erabiltzen ditugu oraindik, zuriak… Garbigailuan 60-90 gradutan garbitzen ditugu, lixiba apur batekin”.
Tratamendua egin ostean ere, lehen baino gehiago garbitu behar dute, den-dena desinfektatu behar dutelako: esku-oheak lurra, heldulekuak… paziente bakoitza joan ostean. Egunean bi bider (eguerdian eta iluntzean), dena garbitzen dute; lehen, aldiz, behin. “Denborak aurrera egin ahala, dena hobeto egingo dugulakoan nago. Pazienteek lasaitasun sentsazioa izan dezaten balio du, baita kutsadura katea eteteko ere, gu edo pazientea asintomatikoa izanez gero”.
Zentroan hiru langile izan arren, bat edo bi egoten da lanean aldi berean, itxialdiaren aurretik ez bezala. Pazienteak sarreran ez pilatzeko, ordutegi ezberdinekin hasi dira lanean: bata ordu puntuetan hasten da, eta bestea erdietan. Pazientea artatu bitartean, ezin dute telefonoa hartu, atea zabaldu… bestela, protokoloa berriro ipini behar da martxan. Ondorioz, orain lana amaitzen dutenean ematen dituzte txandak, erantzungailuan edo WhatsAppez jaso dituzten mezuen arabera. “Esan beharra dago, hala ere, lana egiteko moduagatik gure lan bolumena erdira murriztu dela, eta ez jenderik ez dagoelako. Lehen, 6-7 paziente artatzen genituen egunean; orain, ordea, 3 edo 4. Aurrerago, ikusiko dugu, baina oraingoz, behintzat, pixkanaka-pixkanaka jarraituko dugu”.

 

katxetas


“Taberna berria irekitzea bezala izaten ari da”

Iazko irailean hartu zioten lekukoa 40 urtez jo eta su lanean aritu izan zen Lage familiari. Ilusioz eta gogotsu ekin zioten Naima Garcia eta Euria Fernandez gazteek, Juanlu eta Elena kideekin batera, Lizarrako euskaldunen eta euskaltzaleen topagune nagusietako baten gidaritzari: Katxetas taberna. Bost hilabetez buru-belarri jardun ostean, oporretara joan ziren merezitako atsedena hartzera. Nekez irudika zezaketen, orduan, ateak irekitzeko eguna hainbeste atzeratuko zenik. 

“Ireki genuen egunaren biharamunean itxi behar izan genuen, ezusteko potoloa izan zen; egun beltza: herritarren artean izua nagusitu zen, eta tabernariok bat-batean itxi behar izan genituen ateak”. Bi hilabeteko loaldiaren ostean, indartsu zabaldu ditu hegoak Lizarrako Katxetas tabernako arrano beltzak. Ilusioak marrazten die irribarrea hango kideei, “nola edo hala aurrera eginen dugu”. Hori bai, osasun neurrien artean eta helburu nagusia jomugan: herritarrek elkar zaintzea. 
Taberna itxita izan badute ere, lanean ibili dira berrogeialdiak iraun duen bitartean. Komunikabideetako albisteak eta COVID-19 pandemiaren zurrunbiloak isildu egiten ziren tabernako atea zeharkatzen zutenean. “Itzulera prestatzen ibili gara azken bi hilabeteetan; taberna sakonki garbitu dugu, goitik behera desinfektatu”. Berriro irekitzeko aukera izan dutenean, ez dute zalantzarik egin: “Paper asko bete behar izan ditugu, erabat erotu gaituzte. Saltoki handietan, ABEEagatiko laguntza azkar jaso dute; haatik, denda txikietan oraindik kobratu gabe jarraitzen dute askok. Batzuek, gainera, maileguak eskatu behar izan dituzte, langileei ordaindu ahal izateko. Geu otsailetik gaude kobratu gabe. Mutualitatetik huskeria kobratu genuen…” dio Garciak. Lagetarren itzalak luzea izaten jarraitzen du Katxetasen. “Zorte ona izan dugu. Tabernaren jabeak asko lagundu digu hau guztia kudeatzen. Ez digu alokairurik kobratzen, eta horrek berriro zabaltzea ahalbidetu digu. Alokairua ordaindu behar duenak… jai du” nabarmendu du.
Osasuna bermatzeko segurtasun neurriek marrazten diete egunerokoa tabernako langileei. Jatetxea kalera atera behar izan dute, adibidez, aurrera egin ahal izateko. Mahai batetik bestera bi metroko tartea dago, eta mahaien bueltan 10 lagun eser daitezke gehienez. “Taberna berria irekitzea bezala izaten ari da, egunerokoak finkatzen digu zein pauso egin behar ditugun” dio Fernandezek. “Bi laguneko txandak egin behar ditugu, elkarren artean bi metroko distantziari eutsita” erantsi du. Pandemiaren ikur bilakatu diren maskarak eta eskularruak laneko uniformearen osagai bilakatu dira. “Desinfektatzeko gela jarri dugu mahaien artean, eta komunera doanak ere eman behar du eskuetan tabernara sartu aurretik” (atean beste poto bat dute horretarako).
Tabernaren beste bereizgarrietako bat da Lizarrako gaueko topalekua dela. Beheko aldean, dantzalekua du, eta egungo egoerak hori ere baldintzatuko du. “Oraingoz, ezinen dugu zabaldu orain arte bezala. Lokala txikia denez, bezeroen arteko tarteak errespetatzea zaila da. Beraz, bigarren fasetik aurrera taberna gisa irekiko dugu, eta goialdean, berriz, jatetxea izanen dugu”  azaldu dute.
Neurriak betetzen eta errespetatzen ari badira ere, bezeroek dute azken hitza. “Ireki genuenetik, oso harrera ona izaten ari gara. Egia da jendea erlaxatu egin dela, baina neurriak betetzen ez badituzte, denok galduko dugu. Horregatik, ahalegin berezia egiteko eskatzen diegu”. Herritarren energia beren lanerako hauspoa izaten ari da.
Udara urteko sasoirik garrantzitsuena da ostalarientzat. Aurtengoa, ordea, ezberdina izanen da. “Donejakue bidea egiten duten erromes asko etortzen zen lehen bazkaltzera; orain, aldiz, ez dira etorriko. Abuztuko jaiak ere ez ditugu izanen… Beraz, aurtengo uda ez da espero genuen bezain errentagarria izanen” azpimarratu dute. Halere, txarrenari onena ateratzeko unea dela diote: “Lizarrako ostalaritzari eta merkataritza txikiari bultzada eman behar diegu guztion artean. Badira ateak berriro irekiko ez dutenak, eta tristea da” diote. Ildo beretik, elkartasunari ateak parez pare ireki behar zaizkiola deritzote: “Berekoikeriak ez du lekurik; guztiok mugitu ezean, dena eroriko da. Horrenbestez, gure esku dago egoera honi behar bezala aurre egitea” nabarmendu dute. Hala izango den esperantza badute. 

 

lanao“Besteak beste, zerbitzua nola hobetu hausnartzeko balio izan dit itxialdiak”

Lana eta familia bateragarri egiteko asmoz, autonomoa egin zen Maika Lanao. Azazkalak atontzeko denda ireki zuen, abenduan, Agurainen, eta bete-betean harrapatu du negozioa osasun krisiak.

Ekintzailea edo autonomoa izatea ez da erraza gure herrialdean. Bide korapilatsua da, eta oztopoak sarritan agertzen dira bidean: dirulaguntzarik eza, baliabide falta... Bide horretan murgiltzea erabakitzen duenak argi du horrelakoak aurkituko dituela; ez, ordea, mundu mailako pandemia bati ere aurre egin behar izatea.
 Hain zuzen ere, ekintzailetza horretan sartu berria zen Maika Lanao (Bartzelona, 1980) koronabirusa Euskal Herrira heldu eta jarduera guztiak geldiarazi zituenean. “Lana eta familia bateragarri egiteko zerbaiten bila ari nintzen, eta autonomoa egitea erabaki nuen”. Ikasketez delineatzailea bada ere, arlo horretan ez zuen aurkitu bere negozioa martxan jartzeko modurik, eta azazkalen mundura jo zuen: “Betidanik izan dut gustuko hori, eta, aukera egokia izango zelakoan, prestakuntza jasotzen hasi nintzen, titulazioa eskuratzeko”.
Ile-apaindegi batean lortu zuen lana hilabetez, baina bere kabuz ibiltzeko asmoarekin jarraitzen zuen: “Oso gustura nengoen han, baina ez neukan nik nahi nuen ordutegi malgutasuna”. Beraz, lokal bat alokairuan bilatzen hasi, eta azkenean abenduan ireki zuen azazkalak diseinatzeko eta txukuntzeko denda Agurainen, bakarra herrian: “Estetika zentro bat baino gehiago dago, baina nirea da azazkaletan espezializatua dagoen bakarra. Antza, azazkalen kultura ez dago Gasteizen bezain hedatua”.
Hiru hilabetez bakarrik izan du irekita denda, alarma egoera ezarri aurretik: “Gabonak tartean, hil onak izan ziren abendua eta urtarrila, mugimendua egon zelako denda ireki berrian. Otsailean, baina, erritmoa moteldu egin zen, eta martxoan hamabi egun bakarrik lan egin ahal izan nuen”. Azken hil horretan, bazirudien jarduera berriro abian jartzen ari zela, baina bertan behera utzi behar izan zuen. Oso denbora gutxian, bitan hasi behar izan du hutsetik, baina konfinamendu garaiak zerbitzua hobetzeko zer egin dezakeen pentsatzeko balio izan diola dio: “Bezeroari zer eskaini ahal diodan hausnartzen ibili naiz, atentzioa zerk emango ote dion bilatzen. Horrez gain, diseinuak prestatu ditut”.
Maiatzaren 4an bueltatu zen lanera. Bezeroekin egon ahal izateko, higiene neurriak zorroztu behar izan ditu. Apaindegia den horretan, beti izan du higieneari eusteko, garbitzeko, desinfektatzeko eta esterilizatzeko metodo bat: “Nik beti egin izan dut lan eskularruak eta maskara jantzita,  eta zerbitzu bakoitza amaitutakoan aldatu egiten ditut; gainera, lan eremua desinfektatu, eta erremintak esterilizatu egiten ditut”. Hala, koronabirusa agertu baino lehen ere, hiru pauso egiten ditu nahitaez, baita: garbiketa, desinfekzioa eta esterilizazioa. Orain, horiez gain, bestelako neurriak hartu behar izan ditu, nahiz eta ez duten zehaztu derrigorrezko araurik: “Orain, adibidez, aurpegirako estalkiak ditut, baina beste leku batzuetan holtzak erabiltzen dituzte; nire ustez, zentro bakoitzak erabaki behar du nola babestu”. Garbiketari dagokionez, atearen heldulekua, dendako sarrera, zorua eta eserlekua desinfektatzen ditu: “Bezero bakoitzarekin amaitu ondoren egiten dut garbiketa, eta, horregatik, tarte luzeagoa uzten dut hitzordu batetik bestera”. Beharbada, neurri hauetan egin du aldaketa gutxien, lehen ere betetzen zituelako: “Azalarekin lan egiten dudanez, higiene neurri zorrotzak bete behar ditut, ez bakarrik orain dugun egoeragatik, baizik eta edozein gaixotasunen transmisioa saihesteko edo, alergiarik balego, kontuz ibiltzeko. Norberaren higiene eta segurtasun kontua da”.
Lehen egun horietan, ateak edonori ireki beharrean, aurretik hitzordua eginda hartu ditu bezeroak: “Lehen ere horrela egiten genuen, aurretik egin beharra zegoen hitzordua, baina denda irekita egoten zen; hots, edonor sar zitekeen zalantzak argitzera edota hitzordua eskatzera”. Orain, oraingoz, telefonoz edo WhatsApp bidez soilik jaso daiteke zerbitzua. Dena dela, martxoan hartu zuen erritmoa berreskuratzea espero du, eta, beharbada, eguraldi onarekin batera, bezero berriak etorriko dira. Izan ere, “etorri diren gehienak ohiko bezeroak izan dira”.