“Euskara barik, ezin da Euskal Herria ulertu”

zelanDavide Cabaleiro
(A Coruña, Galizia, 1982)

“Galiziar euskalduntzat” du bere burua. ELA sindikatuko komunikazio taldean ari da lanean. Galiziera, euskara, gaztelania, ingelesa eta portugesa dakizki. Orain, katalana ikasten ari da. Euskaraz, batua eta bizkaiera ondo dakizki, eta ondarrutarrez ere moldatzen da.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
Musika eta kulturagatik, argi eta garbi: Joxe Ripiau, Negu Gorriak... Euskal Herrira heldu aurretik, kultura eta hizkuntza bitxiak iruditzen zitzaizkidan. Gaur egun, zorionekoa naiz: euskara nire bizitzako bigarren altxorra da; lehena, galiziera, nola ez.
Nolako prozesua izan duzu?
Bariku batean Galiziatik atera eta astelehenean Andoaingo AEK euskaltegian nengoen. Prozesua goxoa izan da, plazera. Ikasketez gain, egunero joaten nintzen euskaltegira. Giro ona zegoen, jendea prest eta irakaslea egundokoa. Gero, Bilbon, nahiko giro ezberdina aurkitu nuen: polita, baina zenbait ikasle titulua ateratzeko baino ez zegoen euskaltegian. Arantzara ere joan nintzen barnetegira, mundu guztiari gomendatuko nioke. Esperientzia itzela da, oso baliagarria benetan euskara hutsean bizi ahal garela ikusteko. Batzuekin zaila izan arren, agian, beti agertzen dira prest dauden pertsonak, eta hemengo jendeari ilusio handia egiten dio. Euskara barik, ezin da Euskal Herria ulertu. Ez da hizkuntza soilik, baizik eta kultura, herriaren arima.
Zer izan da zailena zuretzat?
Euskara ez da zaila, ezberdina baizik, baina gure zuzeneko eredua gaztelania da (katalana edo galiziera, nire kasuan). Hiru horiek zutabe berdinak dituzte, latinetik datozelako. Euskaraz, zutabeak aldatu eta kito, hizkuntza honen zutabeak ezberdinak direlako, baina ez zailak.
Eta errazena?
Hasieran, herri txiki batean, giro euskaldunean bizi nintzen, eta ez da gauza bera. Bilbo nahiko leku basatia da horretarako, baina zeuk bilatu behar dituzu zure lekuak, atseginak euskararekiko, eta egon badaude.
Erabiltzen duzu?
Bai, euskaraz bizi naiz, bestela ez nintzateke hemen biziko. Zazpi edo zortzi urte daramat Bilbon, eta egunerokoa euskara hutsean egiten dut, euskaraz edo galizieraz. Euskal Herrian bizitzea euskaraz mintzatzea da: Euskal Herria, niretzat, hizkuntza da, zentzu guztietan.
Une barregarriak ere emango zizkizun...
Behin, irakasleak “Hau nahiko dotorea da” esan zigun, eta nik “A, begira, nire aita bezala, dotorea da”. “Ez, zure aita medikua da!”, irakasleak. Hasieran, “Ni Davide dut, eta kalimotxo bat naiz” esaten nuen, baina banekien ardatz nagusia hitz egitea eta hitz egitea zela, txarto egin arren. Beste behin, barnetegiko ikaskide batek “Aizu, Lanbide!” bota zidan, eta nik “E, barkatu! Nire izena Davide da!”. Ez da ohikoa hemen, baina ezta hain zaila ere!
Gustuko hitza edo esamoldea?
Oso tipiko topikoa da, baina Sarrionandiaren esaldia: “Euskara da gure territorio libre bakarra”. Asko esaten du.
Trikimailuren bat?
Maitasuna, eta beldurrik ez izatea. Euskara ez da sugea, ez da lehoia; altxorra da, tresna. Hortaz, maitasunez ikasi, presa barik, hanka sartu eta, batez ere, gozatu.  Niretzat plazera da, ez ikasi beharra, bainuetxe bat bezalakoa. Baina, noski, nork bere bitxikeriak! Lasaitasuna eta maitasuna, benetan.